Kolpe odoltsuak kate publikoetan

Askotariko saioak ari dira aurkezten Input munduko telebista publikoen konferentzian, Bilboko Euskalduna jauregian. Hamaika modu daude ikuslea harritzeko, baita eztabaida sortzeko ere.

Input kongresuko moderatzaileak, Keisuke Hosokawa eta Tessa Toni, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Input kongresuko moderatzaileak, Keisuke Hosokawa eta Tessa Toni, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
urtzi urkizu
Bilbo
2025eko maiatzaren 5a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Christian Jungwirth The Kelt Alemaniako arte martzialen borrokalariak odolez estalia du aurpegia. Aurkariak gogor hartu du, baina ez du etsi, eta lehian jarraitu du. Gaztetan futbolaria zen, eta orain zale sutsuak ditu MMA arte martzialetako diziplinan. Bera da The Kelt-The Last Warrior form the Ipf dokumental saioaren protagonista. Alemaniako SWR kate publikoaren saio bat da. Input nazioarteko konferentzian ikusi ahal izan da gaur, Bilboko Euskalduna jauregian. Mundu osoko 300 profesional baino gehiago ari dira parte hartzen jardunaldietan.

Saio bakoitzaren emanaldiaren ostean, iritziak emateko eta galderak egiteko aukera bada. Borrokalariak zuen odolaz mintzatu da profesionaletako bat. Baina Jungwirthena giza istorio bat dela nabarmendu dute beste batzuek.

Odol gehiago ere ikusi da goizeko emanaldietan, baina fikziozkoa: PBS AEBetako katearen Monstrum: Slasher Lore is way Deeper Than You Think dokumentala aurkeztu dute Emily Zarkak eta Maribel Lopezek. Slasher generoko pelikulen errepasoa egiten du lan horrek: 1970eko hamarkadan, genero horren eztanda ekarri zuten The Texas Chanishaw Masacre (1974), Halloween (1978) eta beste hainbat filmek. Friday the 13th, A Nightmare on Elm Street, Scream eta beste sorta batzuk iritsi ziren gero. Zarkak egiten ditu saioan aurkezle lanak, eta 2000ko hamarkadatik gaur arte Neoslasher izenburua hartu du generoak.

FINLANDIAKO YLE TELEBISTA PUBLIKOA
Finlandiako Yle telebistako Thomas Taisto eta Salla Pietlainen (erdian), Bilboko Euskalduna jauregian. URTZI URKIZU

Lopezek nabarmendu du «oso zorrotzak» direla edukiekin, eta Zarkak adierazi du gazteengana iristen ari direla: audientzia berrietara. Bestalde, Lopezek azaldu du saio batek 3-4 milioi ikustaldi izateaz harago ezin dela ahaztu telebista publiko bat egiten ari direla. «Gure herria ordezkatzen ari gara, eta dibertsitatea erakutsi behar dugu».

Hilko zenuke zure herriagatik?

Probokatzailea, umorez betea eta berritzailea da Finlandiako Yle telebista publikoak Bilbon aurkeztu duen alharich_s01 saioa. Alharith Obaid youtuberra da saioaren protagonista, eta hara eta hona dabil galderak egiten. Kasurako, Euskaldunan proiektatu duten atalean, bosgarrenean, zera galdetzen du: «Hilko al zenuke zure herriagatik, Finlandiagatik?». Oso erantzun desberdinak jasotzen ditu, ez baita gauza bera galderak armadako soldadu gazteei egitea ala komunista bakezale bati egitea. Atalaren amaierak mezu argia du: Make love, not war (Egin maitasuna, ez gerra). Thomas Taisto saioaren zuzendari eta ekoizleak eta Salla Pietilainen editoreak aurkeztu dute saioa. «Saioaren bidez elkarrizketa sorrarazi nahi dugu. Hori probokatu nahi dugu», esan du Taistok. Lan prozesu batean murgildu ziren youtuber protagonistarekin. Harrera beroa izan du: Interneteko sare sozialetan bost milioi ikustaldi inguru izan dituzte atalek. Pietilainenek azaldu duenez, saioaren beste atal batzuetan «edaten al duzu?» edo «pertsona ona zara?» eta halako galderak egiten ditu youtuberrak. Hogei minutukoak dira atalak.

AEBetako Black Public Media taldearen Hands Performance izeneko lana ere proiektatu dute Euskaldunan. Rashaad Newsome artistaren bideo horrek poesia, musika generoen nahasketa eta dantzan ari den robot bat uztartzen ditu. Denise Greene Black Public Mediaren ordezkariak egin du aurkezpena. «Esperientzia desberdinak eskaintzen dizkiegu ikus-entzuleei». Sortzaile afro-amerikar askori ikus-entzunezko lanak egiteko aukera ematen die talde horrek.

Asteazkenera arte iraungo du Input nazioarteko konferentziak. ETBk ere bi hizlari izango ditu: Gorka Garcia ETBko Arte eta Programa zuzendaria Primeran plataformako hiru saioz ariko da gaur arratsaldean. Eta bihar, asteartea, Unai Iparragirre ETBko zuzendaria mintzatuko da. Jai berezi bat ere egingo dute gaur iluntzean Guggenheim museoan, eta bertan EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak parte hartuko du.

Trumpen mozketak

Munduko hainbat herrialdetan auzitan dago telebista publikoen finantzaketa. AEBetan, esaterako, Donald Trump presidenteak agindu bat sinatu berri du NPR irrati publikoari eta PBS telebista publikoari bideratutako finantza federala eteteko. Finantzaketa publiko hori aurrekontuaren %1 baizik ez da NPR irratiari dagokionez; bestela daude PBS eta haren sareko kateak, Trumpek etendako finantzaketak aurrekontuaren %15 osatzen baitu. Trumpek «ezker erradikalaren munstro» gisa definitu ditu hedabide publiko horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.