Komunikatzen jarraitzeko

Euskarazko hedabideen aldeko kontzertu bat antolatu dute BERRIAk, Xaloa telebistak, Xorroxin irratiak eta 'Ttipi Ttapa' aldizkariakErramun Martikorena, Petti, Anje Duhalde, eta Amaia Zubiria ariko dira Elizondon, etzi

Xorroxin irratiko langileak, emanaldi batean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2013ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Ez dira garai onenak euskaraz aritzen diren komunikabideentzat. Krisi egoera orokorrean sartuta eta erakunde publikoen gero eta diru laguntza gutxiagorekin, lanean jarraitu nahi badute, han eta hemen dirua lortu beharrean daude. Horrela, musika emanaldi handi bat antolatu dute Elizondon (Nafarroa) etziko BERRIAk, Ttipi-Ttapa aldizkariak, Xaloa telebistak, Xorroxin irratiak eta Baztango euskalgintzak, Lur aretoaren laguntzarekin. Lur aretoan bertan izango da emanaldia, 22:00etatik aitzinera. Kontzertuan, ondorengoak ariko dira kantari: Petti, Anje Duhalde, Erramun Martikorena eta Joxe Anjel, eta Amaia Zubiria eta haren seme Edorta Murua. Sarrerak hamar euroan daude salgai.

Krisi ekonomiko globalari, komunikabideen alorrean gertatzen ari diren aldaketa sakonak gehitu behar zaizkio, eta, horren guztiaren ondorioz, etorkizuna zalantzaz ikusten dute hedabide askok. Euskaraz lan egiten duten komunikabideen kasuan, egoera are larriagoa da, lehendik ere diru baliabidez urri baitzebiltzan. Horregatik, egoeraren berri emateko modu bat ere bada emanaldia. Baztango Udalaren eta euskalgintzaren laguntzarekin antolatu dute ekitaldia. Estebe Apezetxe eskualdeko Bai Euskarariko arduraduna dabil antolaketa lanetan. «Eskualdeko komunikabideen eta BERRIAren egoera ekonomikoa ez da ona. Sostengua emateko eta diru laguntza eskaintzeko modua da kontzertua».

Laguntza publikorik gabe

Guztira, 700 sarrera jarri dituzte salgai antolatzaileek, 10 euroan. Oraingoz, ehunen bat sarrera saldu dituzte, baina denak saltzeko itxaropena du Apezetxek. «Jendeak, nahiz eta joanen dela jakin, azken orduan erosten ditu horrelako ekitaldietarako sarrerak. Ea denak saltzen diren». Kontzerturako sarrerak eskualdeko komunikabide horien egoitzetan eros daitezke: Xaloa telebistan Oronotzen, Xorroxin irratian Elizondon eta Ttipi-ttapa aldizkarian Lesakan.

Kontzertuaz gain, mus txapelketa ere antolatu dute azken urteetan eskualdeko komunikabideek dirua ateratzeko. 167 bikote aritu ziren, eta iragan larunbatean izan zen finala.

Nafarroan gaztelaniaz aritzen diren komunikabideek ez bezala,Ttipi-ttapa aldizkariak, Xaloa telebistak eta Xorroxin irratiak ez dute Nafarroako Gobernuaren diru laguntzarik jasotzen, ezta publizitaterik ere —Baztan, Bortziri eta Malerrekako eskualdean aritzen dira lanean—. Beraz, egoera ez da batere erraza. «Diru laguntzak beste modu batean banatzeko eskatu izan diogu Nafarroako Gobernuari, baina alferrik izan da. Azken urteetan ez gaituzte aintzat hartu ere egin», dio Jose Manuel Irigoien Ttipi-Ttapa-ko kudeatzaileak. Ez da ahaztu behar, gainera, hainbat langile ere enplegatzen dituztela.

Hedabideei banatzen zaizkien diru laguntzetan gobernuak telebista hobesten du. Navarra Televisionek —Canal6 eta Popular Television telebista kateen batuketa— ia 2,5 milioi euroko laguntza jasoko du. Diru sail hori beste modu batera banatzeko eskatu du Topaguneak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.