Komunitate arduradunaren bila

Sarean bolo-bolo dabil 'community manager' kontzeptua; gero eta enpresa gehiago dabiltza euren sare sozialak kudeatuko dituen arduradun baten bila. Ikusteko dago, ordea, lanbideak zer bilakaera izango duen.

Adrian Garcia.
2011ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Internet etengabe mugitzen ari den unibertso bat da. Aurreikusi ezin daitekeena, gainera. Sare sozialek gizartearen komunikatzeko erak astindu dituzte, enpresa eta erakundeen marketin eta komunikazio kanpainak barne. Aldaketa horiek gabezia bat sortu dute enpresetan, eta krisi garaiotan, modan dagoen lanbide bat sortu: enpresen sare sozialak kudeatzen dituen langilea, hau da, community manager-a.

Nahasmen handia dago sarean kontzeptuari buruz. Community manager-aren edo komunitate arduradunaren lanbidearen definizioaren gainean ere ez dago adostasunik. «Zaila da definizio batean biltzea kontzeptuaren esanahia», dio Maria Breton Aerco Espainiako Komunitate Arduradunen Elkarteko kideak. Elkartea orain urte pare bat sortu zuten, komunitateen arduradunen eskubideak babesteko asmoz.

Aercoren webgunean lanbidearen ondorengo definizioa ematen dute: «Esparru digitalean enpresak bezeroekin dituen harremanei eutsi eta horiek handitu eta defenditzen dituen pertsona».

Ados agertu da Sergio Monge EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Komunikazioko irakaslea Aercok emandako definizioaren inguruan. «Mundu honetan erreferentzia da Aerco».

Etorkizuneko lanbidea?

Bolo-bolo dabil kontzeptua sarean. Egun enpresa gehienek eskatzen dutena da, eta langabeen artean hautsak harrotu ditu. Sareari begiratu bat eman besterik ez dago eskaintzen den ikastaro mordoaz jabetzeko.

«Burbuila bat sortu da kontzeptu horrekin». Argi mintzo da Gorka Julio web garatzailea. «Community manager batek enpresa edo produktuaren inguruan komunitate bat sortzera bideratutako lana egiten du», azaldu du. Horren inguruan sortu den guztiak kezkatzen du Julio: «Izen bat sortu dute komunikazio arduradunaren zeregina izendatzeko».

Webmasterraren figurari gertatutakoa gertatzen zaio kontzeptu berri horri, Julioren aburuz. «Komunikazioari dagokion esparru berri hori menderatzen ez denez, figura berri bat sortzen dute, gainontzekoek lanean berdin jarrai dezaten».

«Argi dago lan hori norbaitek egin behar duela, batez ere enpresa handietan», dio Juliok. Haren ustetan, baina, ez da egokia pertsona bat horretara bakarrik bideratzea. «Egokiena, langile bakoitza bere arloko community manager-a izatea litzateke».

Lanbideari ez dio etorkizun oparoa ikusten Juliok. Haren esanetan, enpresek utzi egingo diote komunitate arduradunaren ezaugarriak eskatzeari ikustean nahikoa dela dauden langileak prestatzea behar hori betetzeko. «Community manager-a lan hori koordinatuko duena eta laguntza eskainiko duena izango da».

Maria Breton, aldiz, ez da iritzi berekoa. Egokiena langile bakoitza komunitate arduradun bat izatea izango litzatekeela uste badu ere, ez dela posible dio. «Saio guztiek porrot egin dute. Enpresa gehienak txikiak edo ertainak dira, eta ez dute komunikazio sailik».

Lanbidea desagertu ez, espezializatuz joango dela uste du Bretonek, enpresen beharren eraginez. «Pertsona bakar batek ezin du dena egin». Erabiltzaileen sarrera datuak neurtu; sare sozialen bidez bezeroari kasu egin; blog, foro eta sare sozialetan bezeroak bilatu... horiek dira community manager-aren zereginak. Social media-ko —sare bidezko komunikazio plataforma interaktiboa—esparru anitzetan espezializa daiteke.

Sergio Monge irakasleak, lanpostu gisa baino gehiago, langileek eduki beharreko trebezia gisa ikusten du komunitate arduradunarena. «Hala ere, kontzeptua oso berria da, eta ikusteko dago nolako bilakaera izango duen».

Ikastaroak bezain askotarikoak dira horien prezioak sarean: 300 euro eskatzen dute batzuek; beste batzuek, berriz, 8.000 eurotik gora. «Orduen eta irakasleen eskarmentu eta ospearen arabera aldatzen dira prezioak», argitu du Bretonek.

Ibiliz ikasi

Teknologia berrien kontuekin askotan suertatzen den legez, ibiliz ikasten dela azaldu du Juliok. «Ikastaro bat eginez ez zara community manager bilakatzen. Autodidakta izan behar duzu nahi eta nahi ez».

EHUn oraindik ez dute ikastaro berezirik prestatu gai horren inguruan. «Gradu guztietan Interneteko trebetasunak jorratzen dira».

Mongek dio fenomenoaren berritasuna dela medio ez dagoela gaiari buruz benetako aditurik. «Horrelako graduondo bat egiten duenak abantaila izango du, enpresek asko baloratzen dutelako. Hala ere, ez dakit master bat egiteko adina ikasteko dagoenik».

Halere, moda kontuetan gertatu ohi den bezala, badaude iruzur egin eta dirua irabazteko abagunea aprobetxatu dutenak. «Jendeak eskaera handia dagoela ikusi du, eta Facebook erabiltzen jakite soilak ikastaro bat emateko gaitasuna ematen duela uste dute batzuek», azaldu du Bretonek.

Bretonek uste du sare bidezko ikastaroen bidez ikas daitekeela lanbidea. Ikastaroa aukeratzerakoan, baina, irakaslearekin egiteko ariketa praktikoak eta proiektuak kontuan hartzen dituenak hautatzeko aholkua eman du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.