Komunikazioa. Irlen sarea

Kupula

gorka julio
2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Anonymousen kupula atxilotu eta erakunde horrek Espainiako Estatuan zuen egitura desegituratzea lortu dugu». Horiek izan ziren Espainiako Poliziaren lehen hitzak Anonymouseko hiru partaide atxilotu zituztenean. Haien delitua, txat kanal bat izateko zerbitzaria eduki eta webguneen aurkako eserialdi birtualak proposatu eta aurrera eramatea.

Ondoren, Interneteko jendearen kezka eta bromak etorri ziren. Alde batetik, Poliziaren ezagutza falta azpimarratzen zuten; nola da posible bururik ez duen erakunde baten kupula atxilotzea? Anonymous, erakunde bat baino gehiago, hacker sentimendu bat da. Tresna teknologikoen bidez batez ere, adierazpen askatasuna eta oinarrizko eskubiden alde egiten duten pertsona anonimoz osatutako taldea. Nahiz eta bere barnean antolatutako taldeak egon, edozein izan daiteke Anonymous eta hainbat identitate dituen abatar horren parte izan, bere ekimenetan parte hartuz.

Hori horrela izanik, nola da posible Espainiako Poliziak kupula atxilotu duela adieraztea? Euskal Herrian gatazkari lotuta hori ohikoa iruditzen bazaigu ere, hiztegi mota hori beste esparru batzuetara zabaltzen hasteak garrantzi handia dauka. Haien helburua jendartean ekimen horiekin beldurra sartzea da, era horretako protesta moldeekin amaitu ahal izateko.

Esparru horretan jartzen ari diren indarra ez da nolanahikoa. AEBetan ziber-ekintza horiek guda eraso gisa sailkatzen hasi nahi dute, horrek dakartzan eragin guztiekin. Hurrengo Pear Harbour zibernetikoa izan daitekeela ere esatera iritsi dira. Espero zitekeen bezala, era horretako ekimenak Interneteko esparrua militarizatzeko erabili nahi dute, horrela, bertan aplika daitezkeen salbuespen neurriak justifikatuko baitituzte.

Hala ere, operazio politiko-ekonomiko-mediatikoa oraindik maltzurragoa izan daiteke. Aitzakia bat besterik ez, Interneten ere jendartean lortu duten kontrola zabaltzeko tresna moduan. Oso proba gutxirekin horrelako ekimen batean parte hartu duen pertsona bat kriminalizatzeko tresna gisa erabil baitezakete. Kalean egin daitezkeen protesta motak zergatik ezin dira sarean ere egin? Elkartu eta protesta egiteko eskubiderik ba al dago sarean? Bada ordua eztabaida horri ekiteko, sarea ere salbuespen egoerekin militarizatu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.