Komunikazioa

'La catedral del mar' eleberria telebistarako egokituko du Antena 3ek

Ingelesez filmatuko dute, Bartzelonan, eta nazioarteko aktoreek parte hartuko dute telesailean

Bartzelonako arrantzaleen auzoko Santa Maria del Mar katedralaren eraikuntza du ardatz eleberriak. BERRIA.
Adrian Garcia.
2013ko apirilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Idelfonso Falcones idazleak idatzitako La catedral del mar (Itsasoko katedrala) eleberria telebistarako egokituko du Antena 3ek. Diagonal TV ekoiztetxeari erosi dizkio eskubideak, eta lautik sei atalera bitarteko telesaila ekoitziko du, nahiz eta oraindik ez duten egun jakinik adierazi.

Bartzelonako idazlearen eleberri horren bost milioi ale baino gehiago saldu dira 43 herrialdetan. Liburuaren arrakasta baliatu nahi du Antena 3ek, eta nazioartera begira ekoitziko du telesaila. Horrela, nazioarteko aktoreek parte hartuko dute ekoizpenean, eta ingelesez filmatuko dute. Nazioarteko finantzaketa ere lortu nahi dute telesaila ekoizteko. Bartzelonan bertan filmatuko dute.

Abokatua da lanbidez Falcones, eta argitaratutako lehen eleberria du La catedral del mar; 2006an argitaratu zuen.

Erdi Aroan, XIV. mendean, Bartzelonako Santa Maria del Mar katedralaren eraikuntzaren inguruko istorioak kontatzen ditu eleberrian, maitasun, azpijoko, traizio eta adiskidetasun pasarteak tartekatuz. Garai hartan, goraldi ekonomikoa da nagusi Bartzelonan, eta, arrantzaleen auzoan, Ama Birjinari eskainitako katedralik handiena eraikitzea erabaki dute. Arnau gazteak, jauntxoaren gehiegikeriei muzin egin nahian, landa eremutik ihes egin du hirirantz, eta katedrala eraikitzen hasiko da lanean.

Diagonal TV ekoiztetxeak beste eleberri batzuk ere egokitu ditu telebistarako, hala nola Mirall terncat, Les veus del Pamano eta Olor de Colonia. Halaber, ikusle kuota handiak lortu dituzte Bartzelonako ekoiztetxeak egindako beste telesail batzuek: Isabel, Amar en tiempos revueltos, La Señora eta Bandolera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.