KOMUNIKAZIOA

La2: gehiago, gutxiagorentzat

TVEko bigarrenak kultur izaera indartu du programazio berriarekin eta bertan behera utzi duten Canal Culturako saioak hartuta. Baina, inoizko ikusle daturik txarrena izan zuen ekainean

Edu Lartzanguren.
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Kultura eta herritarren parte-hartzea leloan laburbildu berri ditu bere helburuak La2 telebista kateak. Baina, agian, egokiagoa litzateke Gero eta gehiago, gero eta gutxiagorentzat. Izan ere, denboraldi berrirako programazio eta asmoak aurkeztu zituen Espainiako telebista publikoko bigarren kateak astelehenean, eta kultur edukien bidean sakontzeko nahia dutela agertu zuten. Baina katearen ikusle kopurua etengabe jaisten jarraitu du 1990. urtetik, eta aurtengo uztailean inoizko txikiena izan du.

Halere, hasieratik argi izan du La2ek bere masak ez zirela bere berezko bezeroak. UHF maiztasun oso handiko uhinen espektroa telebistarentzat baliatzeko ahalegin gisa sortu zuten TVE2 katea 1965. urtean. Berehala, kulturarako eta gutxiengoen interesei zerbitzu bat emateko katea izango zela erabaki zuten RTVEko buruek. Horretaz gain, saioekin eta formatuekin esperimentuak egiteko gunea izango zen, arrakastatsuak gero lehen katera pasatzeko.

Joera areagotu egin zuten 1989tik aurrera. TVE2 izena baztertu eta La2 izendatu zuten katea, Frantziako telebista publikoa eredu hartuta. Eta orduan aukeratu zuten leloa argigarria da: La2, gutxiengo handi batentzat.

Kontuz zer nahi duzun...

Lortu dute azkenean. Azken hogei urteko ikusle kopuruaren grafikoak etengabe behera doan kurba erakusten du. Ikusleen %21 bildu zituen, batez bestean, 1990. urtean. Hurrengoan %14 baino ez. Urte horretan hasi ziren lehenengo kate pribatuak, etahorri lepora dakioke jaitsiera. Halere, geroztik, urtero puntu bat galtzen joan da, aurtengo ekainean %3,1era jaitsi arte.

«Kulturaz arduraturiko kanal ireki eta publiko bakarra izango gara», esan zuen astelehenean Santiago Gonzalezek, TVEko zuzendariak. Ekainaren 1ean, programazio berria onartu zuenRTVEko Administrazio Kontseiluak, eta katea «sorkuntza eta talentuaren erreferentzia» bihurtzeko xedea ezarri zuen.

TVEren kanal bakoitzaren ezaugarriak argi definiturik geratu dira orain: kirola kendu dute La2etik, Teledeportera bideratzeko; haurren saioak, Clanera, eta informazioa, 24 Horas kanalera.

Salbuespen gisa geratzen da La2 Noticias ilunabarreko albistegia. «Hedabideen joeratik aldendu eta gizartearekin konpromisoa duen albistegia izaten jarraituko du», esan zuen astelenean Mara Torres aurkezleak. «Gure kultur informazioak ez du zerikusirik gaurkotasunarekin, baizik eta errealitatearekin».

Errealitatea aipatzen zuen Torresek, eta La2en errealitatea ez da samurra. Gutxiengo batentzat ari direla argi eduki arren, ikuskizun dago noiz arte edo noraino eutsi ahalko dioten ikusle galtzeari.



Klasikoak eta 20 saio berri baino gehiago

Azken urteko saio klasikoei eutsiko die La2ek programazio berrian: bazkalosteko dokumentalak, Saber y ganar lehiaketa, Redes dibulgazio saioa, zinema eta La2 Noticias albistegia, besteak beste. Horretaz gain, hogei saio berri baino gehiago estreinatuko dituzte denboraldi honetan. LTDn Canal Cultura zabaldu nahi zuen RTVEk, baina bertan behera utzi dute asmoa, zazpi milioi euro aurreztearren. Horretatik hartutako hainbat saio La2era pasatu dituzte, besteak beste, literaturaren inguruko Nostromo, La entrevista elkarrizketa saioa, edo Los imprescindibles artista baten bizitzaren eta lanaren inguruko dokumental-eztabaida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.