Komunikazioa

Lapurtutako haurren auzia ekarriko du 'Goenkale' sailaren denboraldi berriak

Atzo aurkeztu zituzten 18. sasoiko berrikuntzak, lehen aldiz agertuko den Irureta familia tartean

Telesaileko aktoreak eta arduradunak, hurrengo atalak aurkezten, atzo, Donostiako San Telmo museoan. ETB.
Edu Lartzanguren.
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Lapurtutako haurren afera fikzio bihurtuko du ETB1eko Goenkale telesailak, datorren astetik aurrera, aselehen eta astearte gauetan, 22:00etan. Saioak hamazazpi urte bete ditu, eta 18. denboraldiari ekingo dio. ETB1eko fikzio propio bakarraren bolada berriak zer ekarriko duen azaldu zuten atzo, Donostian.

San Telmo museoko atarian argazkirako prestatu ziren atzo istorio korapilatsu berrien protagonistak eta saioko arduradunak.Ramon Agirre, Miren Gaztañaga, Maitena Salinas, Amaia Ruiz, Miren Gojenola, Ander Barinagarrementeria, Amaia Insausti eta Xabier Artieda aktoreak ikusiko ditugu pantailan, irailaren 26tik aitzina. Gaurkotasunarekin loturiko istorioak, pertsonaia berriek ekarriko dituztenak, eta aurreko denboraldian lotu gabe geratu ziren hainbat hari jarraitu ahalko ditugu.

Iruretatarrak ezagutu

Arralden aldaketak eragingo ditu familia batek. Herrian bizitzen jarriko dira Iruretatarrak, eta hurrengo hilabeteetako protagonistak bihurtuko dira, besteak beste Madariaga sendiarekin duten harreman estuarengatik eta apurka deskubritzen joango garen sekretu batengatik.

Negozio ilunetan dabilen enpresaburua da aita (Ramon Agirre, Ernesto fikzioan). Ama (Maitena Salinas, Mireia) modelo izandakoa da. Amaia Ruizek egiten du haien alaba Malen-ena.

Ez dira, halere, pertsonaia berri bakarrak. Karlos-en (Jose Cruz Gurrutxaga) alaba Ibi (Ines Insausti) ere Arraldera helduko da, eta bazterrak nahastuko ditu.

Moja bat ere azpijokoetan ibiliko da, Arraldeko biztanleen bizitzak aldrebesten: Sor Pares (Miren Gojenola). Krisiak islada izango du telesailean, hainbat pertsonaiaren diru arazoak direla medio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.