Igandean, Aimar Olaizolak eta Juan Martinez de Irujok jokatuko duten lau t'erdiko txapelketako finalaren atarian, pilota modalitate horri buruzko dokumentala emango dute gaur, 21:30ean, ETB1en. Dokumentalean agertuko dira igandeko bi finalistak, baina baita azken urteetan nabarmendu diren pilotariak ere: Abel Barriola, Yves Salaberri Xala, Titin III.a, Julian Retegi, Patxi Eugi, Ladis Galarza, Fernando Arretxe, Mikel Unanue eta Jorge Nagore.
Lau t'erdian egiten den jokoaren eta pilotaleku osoan egiten denaren arteko desberdintasunak aipatuko dituzte: sakeak, aire jokoak eta pilotariaren trebetasunak duten garrantzia.
Final gogoangarriak
Pilotariez gain, adituen iritziak ere jasoko dituzte. Lau t'erdiak eskatzen duen indar eta abiadurak gorputzean duen eragina azalduko du Ander Letamendia kirol medikuak. Ander Ugarte pilota egilea egungo eta lehengo piloten arteko aldeaz mintzatuko da.
Pilota modalitate horren historia ere gogoraraziko dute: nola sortu zen, eta lehenengo txapeldunak nortzuk izan ziren. Final gogoangarrien irudiak ere emango dituzte gaur gaueko saioan.
Komunikazioa
Lau t'erdiko txapelketari buruzko dokumentala, gaur, ETB1en
Pilota modalitate horri buruzko xehetasunak emango dituzte adituek eta pilotariek; historia ere gogoraraziko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu