Komunikazioa

Lehen herri aldizkaria

'Arrasate Press' herri aldizkariak 25 urte bete ditu. Euskara hutsean idatzitako lehen tokiko aldizkaria izan zen, eta horri esker, euskarazko tokiko aldizkariek beren eremu propioa irabazi dute.

Sortzaileak: Joxe Felix Diaz de Tuesta, Joxe Aranzabal, Jose Mari Eraña eta Iñaki Mendiguren. JOXE ARANZABAL.
Ainhitze Ruiz.
2013ko abenduaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arrasate Press astekariaren lehen zenbakia kaleratu zenetik, 25 urte bete ziren atzo. AED euskara elkartearen ekimenez eta lagun talde baten lanari esker sortu zen euskara hutsezko aldizkaria, ostiralero herriko albisteak biltzen zituena. Arrasate Press 1988ko abenduaren 2an sortu zen, eta euskara hutsean idatzitako lehen herri aldizkaria izan zen.

Lau kideren lanarekin jarri zen martxan aldizkaria: Jose Mari Eraña, Joxe Felix Diaz de Tuesta, Iñaki Mendiguren eta Joxe Aranzabal. Aldizkariaren lehen erredaktore burua Joxe Aranzabal izan zen. Arrasateko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzei esker lortu zuten euskarazko aldizkariak aurrera egitea.

Arrasate Press-en lehen zenbakia argitaratu aurretik, astero edo bi astetik behin biltzen ziren lan plana egiteko. Arrasaten euskaraz zenbat pertsonak irakurtzen zuten aztertu zuten, eta hortik abiatuta argitaratu zuten lehen alea. «Helburua ikastola eta eskolentzat osagarria izateko tresna bat sortzea izan zen, nolabait tokiko informazioak herritarrentzat erakargarritasun handia izango zuela pentsatuz eta hainbat herritar euskaraz irakurtzera bultzatuz», azaldu du Aranzabalek. Aldizkaria doakoa izango zela erabaki zuten: «Ahalik eta jende gehienak irakur zezan», gaineratu du aldizkariaren lehen erredaktore buruak. Arrasate Press-en autoedizioa erabiltzen zuten: «Garai hartan oso jende gutxik erabiltzen zuen autoedizioa, eta gu Apple etxeko ordenagailu batzuekin hasi ginen. Horri esker, askoz merkeagoa zen prozesua, eta gainera, prozesu guztiaren erabateko kontrola geneukan».

Hasieran, AED euskara elkarteak kudeatu zuen aldizkaria, baina 1990. urtean, Arrasate telebista sortu zenean, Arrasate Komunikabideak (Arko) elkartea sortu zen, eta haren eskuetara pasatu zen. 12 urtez aldizkari independente moduan aritu ondoren, Debagoieneko komunikabideen bateratzearen ondorioz, Goiena kooperatiba sortu zen. Goienkaria eskualdeko aldizkaria sortu zenean, Arrasate Press haren atal bat bihurtu zen. 2000ko abenduan, Goienkaria-rekin argitaratzen zen: «Azterketa sakon bat egin ondoren, eskualdeko euskarazko hedabide bat finkatzea erabaki genuen. Orduan, inguruko herri aldizkari asko itzali ziren, eta nolabait ibarrari erantzungo zion eskualdeko aldizkaria sortu zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.