2006ko otsailaren 2an hasi zuen bidea Mihiluze lehiaketak. Zazpi denboraldi egin ditu programak, ordutik, ETB1en. Eta jada 1.000. saiora iritsi dira. Hori ospatzeko, datorren asterako Lehiakide Onenen Liga antolatu dute. Liga berezi horretan, lehiaketaren historian zakurik handienak eskuratu dituzten eta egun gehien iraun duten bederatzi bikoteek parte hartuko dute, astelehenetik ostegunera bitartean. Aurreneko hiru egunetan, finalerdiak egingo dituzte, eta ostegunean, finala. Bikoterik onena dela erakusten duenak bost mila euroko saria eramango du.
Asteari errematea emateko, berriz, larunbatean 1.000. saio berezia egingo dute. Festa giroan egingo dute programa hori, eta sei lagun gonbidatuko dituzte: Mikel Goñi pilotaria eta Julian Iantzi aurkezlea, Urko Aristi eta Sara Gandara ETBko kazetariak, eta Nagore Aranburu eta Mikel Pagadizabal aktoreak. Bikote horietako bat iritsiko da azken probara, eta Mihiluze-ren bi ikusle Lanzarotera, Parisera edo New Yorkera bidaliko dituzte aste baterako. Bidaia hori irabazteko, Mihiluze-ren ikusleek eitb.com webgunean sartu behar dute, eta asmatu beharko dute nor iritsiko den finalera hiru famatu bikote horietatik. Asmatzen dutenen artean zozkatuko da bi lagunentzako bidaia.
Bi mila lehiakidetik gora
Zazpi denboraldi hauetan, bi milatik gora lagunek parte hartu dute saioan. Normalean, lehiaketa helduekin egiten da, baina saio bereziak egin dituzte haurrekin, gazteekin eta famatuekin. Lehiaketaren hiru mahai joko eta PCrako joko bat sortu dituzte. Eta Euskal Herritik kanpora ere atera du Orio ekoizpen etxeak formatu hori: Katalunian, TV3ko Bocamoll bertsioak arrakasta handia lortu du lau denboralditan.
Komunikazioa
Lehiakide Onenen Liga antolatu dute 'Mihiluze'-ren 1.000. saioa ospatzeko
Hilaren 9an egingo dute 1.000. programa, eta ikusleek aukera izango dute bidaia bat irabazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu