Majaris beti garaile

Euskal Herriko egoera politikoaren inguruko erreportaje satiriko batek arrakasta handia izan du Venezuelako telebista publikoan. Atal gehiago hitzeman dituzte egileek.

Iñigo Orduña, Majaris de la Sorna gisa, Ahotsa.info-k ekoitzitako erreportaje satirikoan. AHOTSA.INFO.
Edu Lartzanguren.
2015eko apirilaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez genuen espero halako oihartzuna izatea, baina honen hoberena eskuin muturra arrantzaka ikustea da», esan du Iñigo Orduña Ahotsa.info guneko kamerariak. Besteak beste, Buitraker taldeko teklista izan zen Orduña, baina nazioarteko ospea erreportaje satiriko batekin lortu du: #EnTierraHostil: Violencia y persecución política en Pamplona (Basque Country). Majaris de la Sorna pertsonaia sortu du Orduñak, eta venezuelarrei kontatu die Iruñean «Espainiako erresumak herritarren aurka ezarritako izu erregimena». Bideoaren tonua umoretsua bada ere, poliziaren bortizkeriaren irudi errealak erabiltzen ditu, eta, besteak beste,Arnaldo Otegi preso dagoela eta isilarazteko egea gogorarazten dituzte. Atzorako, 60.000 ikustaldi baino gehiago zuen bideoak Youtuben. Aste honetan, Venezuelako VTV telebista publikoan eman dute, bitan.

«Traola okupatzea zen gure lehenengo asmoa», adierazi du Ahotsa.info-ko Sergio Labaienek. Berak egin zuen erreportajearen gidoia. Martxoaren 19an eman zuten Espainiako Antena3 telebistan Venezuelaren inguruko En Tierra Hostil saioa. Iaz grabatu zuten, eta, sare sozialetan salatu zutenez, apropos gorde zuten Andaluziako hauteskundeen aurretik emateko, Podemos alderdiari kalte egiteko. Egun eta ordu berean argitaratu zuten Labaienek eta Orduñak euren parodia. Berehalako arrakasta izan zuen bideoak. «Twitterren #EnTierraHostil8 traola jarraitu zutenek geure bideoa ikusi zuten».

Asmatu zutela ikusita, joan zen asteazkenean jarraipen bideoa argitaratu zuten Ahotsa.info-n. Venezuelako hainbat telebista katerekin jarri ziren harremanetan. Mezuetako bat Jordan Rodriguez kazetariarengana heldu zen. VTV Venezolana De Televisión kateko El Desayuno goizeko magazina aurkezten du. Joan zen ostiralean eman zuen Rodriguezek bigarren erreportaje satirikoa, eta milioika venezuelarrek ikusi zuten. Berriz bota zuten astelehenean, «ikusleek eskatuta», aurkezleak esan zuenez.

Madrilen min egin zuen Labaien eta Orduñaren satirak. «Venezuelako telebista publikoak bideo abertzaleak erabiltzen ditu [Espainiako] Gobernua difamatzeko», idatzi zuten asteartean Vocento taldeko ABC egunkariak. «Venezuelak kontraerasora jo du Espainia gerran irudikatzen duen bideo satiriko batekin», idatzi zuen La Vanguardia-k, Kataluniatik.

Asteazkenean, Orduña eta Labaien elkarrizketatu zituzten VTVn. Atzo, Majarisen lehenengo bideoa eman zuten, eta #JeSuisMajarisDeLaSorna traola abiatu zuten Venezuelan. Twitterreko gai nagusietako bat izan zen atzo Espainian. «Bost minutuan behin mezu bat heltzen zaigu Venezuelatik, 'eutsi' edo 'Gora Euskal Herria' esanez», dio Labaienek.

Asteazkenean, UPN eta PPN alderdiek gogor jo zuten satiristen aurka. UPNk Iruñeko Udalean duen taldeak agiri baten bidez adierazi zuenez, bideoak «erreala ez den eta manipulatua dagoen ikuspegi bat erakusten du». Gaineratu zutenez,Iruñean «ez dira inoiz bortxatu giza eskubideak», eta «indarkeria bakarra ETArena izan da». PPko Ana Beltranek Venezuelako telebista gaitzetsi zuen, «oihartzuna emateagatik Espainia, Nafarroa, Polizia eta Iruñea difamatzen dituzten gezurrei».

Alderdion oharrak «esperpentikoak» direla esan du Labaienek.Gaineratu du ez duela ulertzen nolatan haserretzen diren «Je suis Charlie» esaten zuten horiek satira eta umorea Euskal Herrian erabiltzen denean. Halere, pozik dago Labaien alderdi eta komunikabideei esker lorturiko Streisand efektuarekin. «Ez dira konturatzen Majaris de La Sornaren kontra egitea dagoeneko galtzea dela?».

Apurtu.org izan zen Ahotsa.info-ren aitzindaria. 2011ko urtarrilean itxi zuten hura, Fernando Grande-Marlaskaren aginduz. Lau kazetari atxilotu zituzten, eta horietako bat urte eta erdi inguruz izan zuten preso. Auzia artxibatu egin zuten 2013an. Gunea ordezkatzeko, Ateak Ireki zabaldu zuten. Baina 2013ko azaroan itxi zuten hura ere.

«Ikusi dugu Majaris pertsonaia erakargarria dela eta joko handia eman dezakeela», esan du Orduñak. De la Sorna pertsonaia finko bihurtu da Ahotsa.info-n. Atal gehiago prestatzen ari dira, hauteskundeen aurretik argitaratzeko. «Barre egiten jarraituko dugu erregimena hondatzen den bitartean», esan du Labaienek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.