Makusik 'Mari sorgin ehiztari' telesaila estreinatu du gaur

Umorea, abenturak eta naturaz gaindiko ahalmenak uztartzen dira telesailean. 10-15 urte arteko neska-mutikoei zuzendua dago. Lehen atala ikus daiteke plataforman, eta astez aste joango dira hurrengo zazpi atalak sareratzen.

Makusi plataformako 'Mari sorgin ehiztari' telesaila. A FILM TO KILL FOR
Makusi plataformako 'Mari sorgin ehiztari' telesaila. A FILM TO KILL FOR
urtzi urkizu
2025eko maiatzaren 16a
08:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Izena duena... ehizatzen da. Hala dio Makusi plataformaren fikzio berriaren leloetako batek. Euskal mitologia, folklorea, beldurrezko generoa eta institutu bateko gazteak sartu dituzte Mari sorgin ehiztari euskarazkotelesailaren eltzera, ezusteko askorekin batera. EITBren haurrentzako plataformak gaur estreinatu du telesail berriaren aurreneko atala; ondotik, astez aste joango dira hurrengo zazpi atalak sareratzen. Azkenekoa uztailaren 4an estreinatuko dute.

A Film To Kill For ekoiztetxea dago egitasmoaren atzean. «Sorginen telesailak egitea gustatzen zaigu», esan du Rose of Dolls Mari sorgin ehiztari-ko sortzaile, gidoilari eta argazki zuzendariak. Zuzendaritza lanak Oliver Mendek bete ditu. Gidoien sorreran, bestalde, Igor Ramos Peularen laguntza izan dute, baita Eililys Risingena ere. Elkarrizketen sorreran, bestalde, Julen Telleriak eta Irene Gomezek parte hartu dute —Telleria gidoi laguntzailea izan da—. Dolls eta Mend hainbat websailen egileak dira, eta Makusirentzat Power Up fikzioa ere egin dute.

Rose of Dollsek nabarmendu du akziozko emakumezko heroi bat nahi zutela, eta neskak eta andreak izatea protagonista nagusiak. «Gure inspirazio argi bat Buffy the Vampire Slayer da, kultuzko telesaila baita, eta gure asmoa izan da Hollywoodeko estilo hori ekoizpen euskaldun batera ekartzea». Aurrekontua txikiagoa dela aintzat hartuz.

Makusi plataformako 'Mari sorgin ehiztari' telesaila
Makusi plataformako 'Mari sorgin ehiztari' telesaila

«Tentsioa duen telesail bat izatea nahi dugu, generokoa eta beldurrezkoa, baina bortizkeria handirik gabe. Odolik ez da ageri», azaldu du fikzioaren sortzaileak. «Misterio kutsua eman nahi diogu, bai, baina ikusle gazteei egokituta». Bereziki 10-15 urte arteko neska-mutikoei dago zuzendua. Mari Mendoza da istorioaren protagonista. «Neska normala izan nahi du, lagunekin ondo pasa, baina bizitzak ezustekoak emango dizkio». Nerea Sanz Olabarrietak jokatzen du protagonistaren rola.

Aktore ezagunak ere bai

Telesaileko hautaprobetan «talentu handia» duten gazteak aurkeztu zirela azaldu du Rose of Dollsek. «Aukeraketa ez zen erraza izan. Baina fikzio honek pertsonaia asko ditu, eta badira atal bakarrean ageri diren aktore ezagun batzuk. Cameo asko daude». Aktore taldean ageri dira Mikele Arizkorreta, Maria Cruickshanck, Nagore Iturregi, Iker Barandiaran, Ylenia Baglietto, Egoitz Lasa, Sua Enparantza, Ander Murillo, Andoni Agirregomezkorta, Ane Iturrate, Aritz Mendiola, Asier Valdestilla eta Eneritz Garcia, besteak beste. Denboraldi gehiago egin nahiko lituzkete sortzaileek, eta, bide batez, aktore gehiago gaineratu cameo-etara.

Atalak laburrak dira, hamabost minutu ingurukoak. «Eskema amerikar bati jarraitzen diogu, asteko munstroa deiturikoa. Hori egiten zuten, adibidez, The X-files telesailean». Atal bakoitzak du bere istorio propioa, hasi eta buka. «Baina denboraldian zehar protagonisten bilakaera ikusiz joango gara».

Nerea Sanz eta Mikele Arizkorreta 'Mari sorgin ehiztari' telesaileko aktoreak
Nerea Sanz eta Mikele Arizkorreta 'Mari sorgin ehiztari' telesaileko aktoreak. A FILM TO KILL FOR

Egileek iragarri dutenez, Mari protagonistari aurre egingo dioten pertsonaia guztiak izaki mitologikoak izango dira, «baina izaki gaurkotuak eta modu librean egokituak» dira. «Aita Barandiaranen testuak erreferentzia funtsezkoak dira mundu mitologiko horretara gerturatzeko. Hala ere, mundu horri guztiari ukitu modernoa eman diogu». Sorginak ez dira faltako. Eta denboraldian zehar agertuko dira Basajaun, Tarttalo, Gizotso eta Idittu. Baita laminaren bat ere.

Efektu bereziak erabili behar izan dituzte telesailean: fisikoak zein digitalak. Makillaje eta ile apaintzaile aritu direnak ere nabarmendu ditu Rose of Dollsek. «Post-produkzio lana ere handia izan da, efektu fisiko batzuek arazoak sorrarazi baitituzte. Ikusleari abisua emango nieke sorginen begietan arreta jartzeko».

Telesailaren aurrekontua txikia izan da, eta dena ez dela erraza izan gaineratu du A Film To Kill For ekoiztetxeko sortzaileak: «Ziur aski, egin dugun grabaketarik gogorrena izan da. Lan asko exijitu digu. Baina emaitzarekin oso pozik gaude».

Grabaketak Bilbon, Alonsotegin (Bizkaia) eta Barakaldon (Bizkaia) egin zituzten. Azken herri horren musika eskola zaharrean —eraikina 1914koa da— grabatu dituzte eszena asko. Baita Milagrosa ikastetxe zaharrean ere.

'Mari sorgin ehiztari' telesailaren trailerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.