Azkeneko hogei urteetan, BERRIAk larunbatetan argitaratu du Mantangorri haur eta gaztetxoentzako gehigarria. Aste honetatik aurrera, baina, ostegunetan argitaratuko du euskarazko egunkariak. Paperezko edizioan ostegunetan eskuratu ahalko da gehigarria, eta gogoratu behar da Mantangorri-k ere baduela bere webgunea; ostiraletan izango dira edukiak webgunean irakurgai.
BERRIAk eskaintza osoa komunitate bati begira egiten du, komunitate horri ahalik eta zerbitzurik onena emateko helburuarekin. Horri lotuta egin du kazetak aldaketa, marketin saileko koordinatzaile Ainara Lasak azaldu duen moduan. «BERRIAk, aktualitateko informazioaren jarraipen estua egiteaz gain, komunitateari zerbitzua emateko bokazioa du, eta produktu eta proiektu osagarriak garatzen ditu BERRIA Taldearen ekosistemaren barruan». Komunitate hori ezaugarri, interes eta adin ezberdinetako jendeak osatzen du, eta gaztetxoenentzako eskaintzan ere arreta jarri izan du beti. Horregatik ditu Mantangorri-k egunkariak adina urte, 22.
Garai batean, Mantangorri aisialdirako gehigarri gisa sortu zen. Horregatik erabaki zuen egunkariak larunbatetan argitaratzea. «Baina urte hauetan guztietan errealitatea eta dinamikak asko aldatu dira», azaldu du Lasak. «Hezkuntza komunitatearen beharrak ezberdinak dira orain, eta Mantangorri-k ere bilakaera bat izan du urteotan». Izan ere, gaur egun gehigarrian saiatzen dira gaztetxoei aktualitateko gaiak azaltzen. «Ez dezagun pentsatu hartzaileak haurrak edo gaztetxoak direlako gai arinak soilik eman behar dizkiegunik. Errealitatearen jabe egin daitezen nahi dugu; beste lengoaia batekin, nahi bada». Horregatik Mantangorri saiatzen da aktualitateko gaiak helarazten, baita euskal kulturarentzat garrantzitsuak diren efemeride, erreferente eta abarren berri ematen ere.
Erreportaje horiek ikastetxeetan bidea egiten ari direla nabarmendu du Lasak: «Hezkuntza komunitateko kideek esaten digute Mantangorri produktu interesgarria dela haientzat, geletan-eta hainbat gai lantzeko modua ematen dielako. Hortaz, iruditzen zitzaigun oraintxe bertan interesgarriagoa zela Mantangorri ostegunetara pasatzea, ikastetxeak aste barruan jarduten direlako». Gainera, ikastetxe asko astegunetako harpidedunak dira. «Eta haiei zerbitzu hobea emateko asmoz egin dugu aldaketa. Hezkuntza komunitatearekin elkarrizketa iraunkorrean ari da BERRIA azkeneko urteotan, eta aldaketa honek emango du bidea erabiltzaile horiei entzunez Mantangorri-n lantzeko interesgarriak izan daitezkeen gaien berri izateko ere». Lasak aitortu du beti dela interesgarria komunitateak zer behar dituen entzutea, BERRIA haientzat ari delako.
Horiek horrela, egunkariko marketin arduradunak ondorioztatu du bi konturi erantzuten diela gehigarriaren argitaratze eguna aldatzeak: «Hezkuntza komunitatearekin BERRIAk duen konpromisoa sendotzeko asmoari eta, produktua astegunetan argitaratuz, zerbitzu hobea emateari».
Datozen asteetan, bestalde, egunkariak aldaketa honen berri emango die ikastetxeei, eta kanpaina bat ere egingo du gehigarria toki gehiagotara zabaltzeko. «Kanpaina bat egingo dugu, aldaketak abagune polita emango digulakoan esparru horretan jauzi bat egiteko». Hain zuzen ere, Lasak gogoratu du Mantangorri izan daitekeela haur eta gaztetxoentzako lehenengo egunkaria. «Alde horretatik, garrantzitsua da haur eta gaztetxoei txikitatik ematea erreferentzia hori, euskarazko hedabideen irakurzaletasuna sustatzeari begira».
Horrenbestez, argitaratze eguna aldatuta, ikastetxeek bere dinamiketan sartu ahalko dute Mantangorri.