Ikus-entzunezkoak

Mendiari buruzko bi lan estreinatuko ditu gaur Primeran-ek

'Bizitzera arriskatu' eta '2T on Paiju Peak' dokumentalak euskaraz ikusi ahalko dira. Baita Danimarkako 'Darkness: Those who kill' telesaila ere.

'2T on Paiju Peak' dokumentalaren fotograma bat. WOP FUNDAZIOA.
'2T on Paiju Peak' dokumentalaren fotograma bat. WOP FUNDAZIOA.
urtzi urkizu
2024ko martxoaren 21a
05:00
Entzun

Mendiarekin lotutako filmak maite dituztenek bi dokumental interesgarri ikusi ahal izango dituzte gaurtik aurrera Primeran plataforman: 2T on Paiju Peak eta Bizitzera arriskatu. Audioa euskaraz zein gaztelaniaz entzun daiteke bi lanetan, eta euskarazko azpidatziak jarri dituzte bietan.

Bizitzera arriskatu dokumentalaren zuzendaria Santiago Ron da, eta 2020. urtean egin zuten nazioarteko estreinaldia. Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Mikel Zabalza, Juanjo San Sebastian, Nives Meroi eta Romano Benet mendizaleek eta Didac Costa nabigatzaileak adiskidetasun handia dute Kapitain 2T ezizeneko mutiko batekin eta haren familiarekin. Hori da dokumentalaren abiapuntua, baina adiskidetasun hori gaixotasun neurodegeneratibo larri batek markatuta dago. Elkarrekin, eta kontaketa gordin batean, gogoeta egingo dute hainbat gairi buruz: natura, norberaren hauskortasuna, norberaren mugak gainditzea, arriskua, pasioa, norberarekiko fideltasuna, konpromisoa, elkartasuna, taldearen indarra, heriotza eta zoriontasuna bilatzeko bidea, bizitzera arriskatuz.

Bizitzera arriskatu dokumentalaren trailerra.

Iñurrategi, Vallejo eta Zabaltza 2T on Paiju Peak dokumentalean ere ageri dira. Karen Sole Huguesek zuzendutako film bat da. 2013an, Iñurrategik, Vallejok eta Zabaltzak atzera egin zuten Paiju Peak (6.610 m) eskalatzeko saiakeran. Urtebete geroago, haien bidea WOP fundazioko Mikel Renteria eta Mentxu Mendietarekin gurutzatuko da, eta haiek Paiju Peakera igotzeko bigarren saioa babestea erabakiko dute, beren WOPeak proiektuaren barruan. Hiru sokalagunak Pakistanen lurreratuko dira berriro ere: helburu bera eta alpinismotik harago doan erronka baterako motibazio maximo berbera, Karakorumen bihotzean bide berri bat irekiz amaituko den emozioz betetako bidaia batean. Bide hori 2T izendatu zuten.

2T on Paiju Peak dokumentalaren trailerra.

Oso bestelako dokumental sail bat ari da sareratzen Primeran plataforma azkeneko egunetan: 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo atentatuaren ingurukoa. 11M-Martxoaren 4 egun dokumental sailaren azkeneko atala bihar estreinatuko dute. Surfing 360º saioaren laugarren atala, berriz, gaur iritsiko da plataformara: Galiziako kostaldeko olatuetan murgilduko da programa. Goiko, aro baten bukaera dokumentala ere gaur iritsiko da Primeran-era (astelehen gauean ETB1en estreinatu zuten).

'Darkness: Those Who Kill' telesaila

Primeran plataformak jarraitzen du atzerriko fikziozko zenbait lan katalogoan txertatzen. Gaur, esate baterako, Danimarkako Darkness: Those Who Will telesailaren hiru denboraldiak estreinatuko dituzte, Galduta: Krimenaren lorratzean izenburupean. Luisa Bergsteinek kriminalen profilak egiten ditu Poliziarentzat, eta azken kasuak larritasun handia sortu dio, baina bikote bat hil dute, eta hiltzailearen bila hasiko da, Frederik Havgaard polizia ikertzailearekin batera. Froga guztiek iragan iluneko gazte batengana daramate... Euskarara bikoiztuta ikusi ahalko da fikziozko lan hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.