Zinemari eskainitako LaSexta3 kateak urtebete egin du. Eta hori ospatzeko proposamen berezia egin diete ikus-entzuleei: hamabi filmen artean sei aukeratzeko eskatu diete, eta boto gehien duten seiak hilaren 28an emango dituzte. Honako hauek dira zerrendako 12 filmak: The Man Who Shot Liberty Valance; Labyrinth; Tang shan da xiong; The Changeling; Four Weddings and a Funeral; ¡Bienvenido, Míster Marshall!; Scarface; The Big Lebowski; Pulp Fiction; The Great Dictator; Apocalypse Now Redux; eta Good morning, Vietnam. Zinemarekin lotutako lagunek film horien inguruko gomendioak emango dituzte www.lasexta.com webgunean. Ikusleek ostegunera arte eman dezakete botoa.
Zinema katearen aurreneko urtearen balantze positiboa egin dute arduradunek. %1,6ko ikusle kuota du kateak. Mila filmetik gora eman dituzte urte honetan eta 50 ziklo prestatu dituzte. Ziklo arrakastatsuena Harry Callahani eskainitakoa izan da, %3,5ko batez besteko kuotarekin.
Igandean Oscar sariak banatuko dituztela eta, La Sexta3 kateak aste berezia prestatu du. 100 Oscar jaso dituzten 40 film emango dituzte datozen egunetan. Gaur, esate baterako, Stanley Kramer zuzendariaren Guess Who's Coming to Dinner (bi Oscar), Elia Kazanen On the Waterfront (zortzi Oscar) eta Roman Polanskiren The Pianist (hiru Oscar) emango dituzte.
Zinema kate berri bat aurten
LaSexta3 da LTDan Hego Euskal Herrian ikus daitekeen zinema kate bakarra. Aurten, berriz, programazioaren ardatz zinema izango duen kate berri bat iritsiko da LTDra, Vocento eta Viacom Internationalen eskutik. La10 katearen lekua hartuko du kate horrek, eta batik bat Paramount Pictures ekoizpen etxearen filmak emango dituzte.
Komunikazioa
Mila filmetik gora eman ditu LaSexta3 kateak bere aurreneko urtean
Ikusleei hamabi filmen artean sei aukeratzeko eskatu diete, eta sei horiek hilaren 28an emango dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu