Komunikazioa

Mugarik Gabeko Telebista herri ekimen legegilea onartzeko bidean da

Madrilgo Gorteek aintzat hartu dute ekimena, eta datorren legegintzaldian eztabaidatuko dute

urtzi urkizu
2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Nafarroan ETB ikus dadin eta Valentzian TV3, borrokan ari dira azkeneko urteetan Mugarik Gabeko Telebista herri ekimen legegileko sustatzaileak. Eta haientzat atzokoa egun garrantzitsua izan zen. Madrilgo Gorteek ekimena eztabaidatu eta aintzat hartu zuten, PPren abstentzioarekin eta gainontzeko alderdi guztien baiezko botoarekin. Tramiterako onartu ostean, datorren legegintzaldian eztabaidatu beharko dute ekimena, eta lege bihurtzen den bozkatuko dute. PPk adierazi du ekimena errespetzen duela eta zuzenketa bat sartuko duela.

Mugarik Gabeko Telebista lege proposamenaren helburua da irrati eta telebista autonomikoak hizkuntza konpartitzen duten beste autonomia erkidegoan emititu daitezela, hizkuntza horien komunikazio espazioen garapena errazteko bidean. Helburu hori gauzatzeko, Espainiako Gobernuak behar diren multiplexak ziurtatu beharko lituzke, telebista autonomikoak alboko erkidegotan ikus daitezen. Lege horrekin, Espainiako Gobernuak behar diren neurriak hartu eta planifikazioa egin beharko luke kate autonomikoak hizkuntza konpartitzen duten lurraldeetan ikus daitezen.

Herri ekimenak jasotzen du Valentzian eta Balear uharteetan Kataluniako telebista publikoa ikustea, Nafarroan ETB ikustea eta Bierzo eskualdean (Gaztela eta Leon) TVG ikustea. Herri ekimen legegilea Madrilgo Gorteetara irits zedin 500.000 sinadura behar zituzten, eta kopuru hori erraz gainditu zuten. Izan ere, 651.650 aurkeztu zituen Accio Culturalek zentsuko bulegoan.

Iazko uztailean, Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko Presidentziko ministroak ekimena tramitera sartzeari betoa jarri zion. Ondotik, Acccio Cultural taldeak hainbat gestio eta bilera egin zituen talde parlamentario, erakunde eta politikarirekin. Azkenean, aurtengo uztailean Ramon Jauregi ministroak iragarri zuen Espainiako Gobernuak betoa kenduko zuela.

Gobernuari eskaera zuzenak

Atzo ekimenaren gainean egin zen eztabaidan, EAJko legebiltzarkide Jose Ramon Belokik salatu zuen hizkuntz pluraltasuna gainditu gabeko irakasgaia dela etaZapateroren gobernuari gogor zuzendu zitzaion: «Espainiako Gobernuak ahalbideratu beharko luke hizkuntz batean aritzen diren telebistak hizkuntz hori erabiltzen den lurraldeetara iristea. Orain arte erabakiak beti hizkuntz minorizatuen kalterako izan dira. Eta gobernuak gaia konpondua behar zuen, baina horren ordez beste alde batera begiratu du». CIUko Montserrat Surrocak, ildo berean, nabarmendu zuen hizkuntz propioa duten erkidego guztiek ekimena babesten dutela: «Estatuak hizkuntz aberastasuna aintzat hartu behar du. Gai hau Estatuaren konpetentzia da, eta onartezina da Industria Ministerioaren isiltasuna».

PSOEk ekimenaren alde bozkatu zuen eta proposamen asko Ikus-entzunezko Komunikazioko Legean jasotzen direla esan zuen Ferran Bono Ara ordezkari sozialistak. Halaber, Francisco Campsek TV3ren aurka egindako «jazarpena» salatu zuen.

PPko legebiltzarkide Jorge Fernandez Diazek aferak soluzio tekniko bat eskatzen duela zehaztu zuen. Erkidegoen arteko hitzarmen bilateralak eta elkarrekikotasuna behar direla proposatu zuen PPko ordezkariak.

Nafarroako kasuan, 2009ko uztailean ETB1 eta ETB2ren emanaldiak Nafarroara hedatzeko konpromisoa hartu zuten publikoki Patxi Lopezek eta Miguel Sanzek. Espainiako Industria Ministerioak Nafarroarako bigarren multiplexa baimendu zuen 2010eko urtarrilean. Baina multiplexak duen 1,5 milioi euroko kostuari egin behar zitzaion aurre, eta ordutik Nafarroako Gobernuak berretsi du ez duela euro bat ere jartzeko asmorik. Ondorioz, egun analogikoan baino ezin dira ikusi Nafarroan ETB1 eta ETB2. ETB3 eta ETB Sat ezin dira ikusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.