Komunikazioa

Murrizketak direla eta, aldatu beharra ikusten dute arduradunek

Irlanda, Gales, Katalunia eta Galiziako telebista kateetako ordezkariak Minori TB jardunaldian izan dira

Michael Lally, Circomeko presidentea, gaelikoz egindako telebistaz aritu zen atzo Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
EITBko zuzendari nagusi Alberto Suriok eman zion hasiera Minori TB jardunaldiari, Bilbon. ETBko langileek elkarretaratze bat egin zuten jardunaldiko aretoaren ondoan.

Honatx jardunaldian hizlariek esandakoaren laburpena:

MICHAEL LALLY



Circomeko presidentea

«Zure ikuslearentzat esanguratsua izanbehar duzu»

Europako eskualde telebisten elkartea da Circom. «Krisiaren eraginez, eskualde kate publiko guztien finantzaketak behera egin du. Murrizketa handiak gertatzen ari dira Europa osoko telebistetan. Adibidez, Hungarian bertan behera utzi dituzte eskualde ekoizpenak». Irlandako RTE eta TG4 kateentzat egiten du lan Lallyk, eta gaelikoz egiten den telebistak harrera ona duela nabarmendu du: «Gaelikoz emititzen duen kateak, TG4k, %3ko ikusle kuota du. Baina gaelikoa lehen hizkuntza dutenen artean, %86rentzat kate kutunena da». Lallyk edukiei garrantzi handia ematen die: «Zure ikuslearentzat esanguratsua izan behar duzu». Irlandako TG4 katea duela 12 urte hasi zen emakumeen futbol gaelikoa ematen, eta orain partidek %15eko ikusle kuota dute. Nekazarien reality xume bat ere egiten dute, eta %5eko kuota du. «Finantza arloan zailtasun handiak ditugu, baina erabateko konpromisoa izan behar dugu tokiko irrati-telebistarekin».

ROSA VILAS



Galiziako Telebistako zuzendaria

«Kate autonomikoak dinamizazio eragileak dira»

Rosa Vilasek nabarmendu du TVG hasieratik garrantzitsua izan dela, «pertsonaiei hitza galegoz eman zaielako». Beraren ustez, inork ez du egin galegoaren alde beraiek baino gehiago. «Krisiaren erdian, batzuk auzitan jartzen ari dira telebista autonomikoen izaera bera. Alde horretatik, aldarrikatu nahi dut kate autonomikoak dinamizazio eragileak direla bere inguruan». TVGk zorra murriztu du, eta biztanleko urtean 36,6 euroko kostua du. «Ez da batere garestia galiziarrentzat. Eta errentagarritasun soziala nabarmena da». Ikus-entzuleen babesa du TVGk, eta horren erakusgarri, eguerdiko albistegiak %36ko ikusle kuota du. «Galizian, guztion arteko adostasuna lortu dugu. Galizian, inork ez du zalantzan jartzen TVG».

JOAN ROSES



TV3ko zuzendaria

«Teknologia eta merkatuaren mehatxuak eta aukerak kontuan hartu behar dira»

Teknologia berriekin gertatzen ari diren aldaketak aztertu ditu jardunaldian Rosesek. «Espainiako Estatuan 2012. urtean salduko diren telebista aparatuen %25 Internetera konektatuak izango dira. Gu telebista kartara eskaintzen ari gara, eta, horretarako, fabrikatzaileekin akordioak sinatzen. Ikusleak nahi duena nahi duenean kontsumitu ahal izatea da asmoa». Merkatuaren dinamikak ekartzen dituen «mehatxuak eta aukerak» kontuan hartu behar direla uste du Rosesek. «Telebistaren eta sare sozialen arteko lotura ere hor dago. Aukera berri horiekin adi egon behar dugu, baina baita gure telebistaren izaera ahuldu dezaketelako ere».Rosesen ustez, nahiz eta diru mozketak egon, ezin zaie uko egin haurrei, albistegiei eta fikzioari.

KEITH JONES



BBC Waleseko galesezko saioen burua

«Komunitatea indargune gisa erabili behar genuke»

BBCk 12,5 ordu ekoizten ditu astero galesez. Nabarmentzekoa da Pobol y Cwm 1974. urtean BBC Walesek sortu zuen telesaila. 1982. urtetik S4C kateak emititzen du, eta, errugbi partida garrantzitsuak kenduta, Galesen gehien ikusten den telebista saioa da. Galesez emititzen duen irrati bat ere badu BBCk: Cymru. «Irrati horretan, gertukoak izaten eta saio asko zuzenean egiten saiatzen gara». Gabeziak ere aipatu ditu Jonesek: «Etsita nago on line zerbitzuan ez garelako indartsu sartu. Telebistako ikusleei dagokienez, jabetuta nago errazagoa dela publikoa galtzea, berriro erakartzea baino. Zorionez, orain ikusle gazteak heldu zaizkigu». Aurrera begira, Jonesek uste du ikusleak zer behar duen kontuan hartu behar dela. «Umil jokatu behar dugu, eskuzabal, eta besteen ideiak txalotu. Eta komunitatea indargune gisa erabili behar genuke».

ROBERT DUNBAR



Soillse ikerketa proiektuko burua (Eskozia)

«Europako Itunak dio kate hauek lagundu behar direla»

Ikuspuntu akademiko batetik mintzatu da irakasle eskoziarra. «Hizkuntza urrituetako telebista saioek babestuak izan behar dute. Europako Itunak diotelebista hauek erakundeek lagundu behar dituztela». Eskozian gaelikoz herritarren %1ek hitz egiten du, eta BBC Albak harrera ona du. «Baina telebista publikoen egoera gero eta okerragoa da. Etorkizuna gazteengan dago, eta hizkuntza erabiliko dutela ziurtatu behar da». Proposamen bat ere egin du: «Azpiegitura bat sortu behar da kazetari, hizkuntzalari eta irakasleen artean hizkuntza gutxietako telebisten etorkizunaz hausnartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.