Musika klasikoa deskubritzen, Euskadiko Gazte Orkestrakoekin

EITBren Guau plataformak 'Hiru, Bi, Bach!' podcasta estreinatu du. Felix Etxeberria eta Oihana Etxebeste EGOko musikari gazteak dira aurkezleak.

'Hiru, Bi, Bach!' podcastaren grabaketa, Lasarte-Orian. ULU MEDIA
'Hiru, Bi, Bach!' podcastaren grabaketa, Lasarte-Orian. ULU MEDIA
urtzi urkizu
2025eko uztailaren 10a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Ez baduzu inoiz musika klasikoa entzun ere, berdin du. Ez badakizu partitura bat irakurtzen ere, berdin du. Azkenaldian Bad Bunnyren eta Rosaliaren kantak bakarrik entzuten badituzu, berdin du...». Oihana Etxebeste aurkezlearen hitzei Felix Etxeberriaren beste baieztapen honek eman die jarraipena: «Hemen kontua ez da jakitea. Sentitzea da, deskubritzea...». Etxebesteren eta Etxeberriaren gidaritzapean, EITB taldeko Guau plataformak Hiru, Bi, Bach! podcasta estreinatu du gaur. Musika klasikoa «barrutik» ezagutzeko aukera emango die entzuleei.

Euskadiko Gazte Orkestrarekin elkarlanean ekoitzi du podcast berria Ulu Media ekoiztetxeak. Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) estudioetan ari dira grabatzen, eta datozen lau ostegunetan sareratuko dituzte hurrengo lau atalak.

Estreinako aurreneko atalean, Ludwig van Beethoven Alemaniako musikariaren Zazpigarren sinfonia aztertu eta xehatu dute Etxebestek eta Etxeberriak. Beethovenen lan hori puzzle bat balitz bezala zatitu dute, piezaz pieza. Obraren atzean ezkutatzen dena eta obra osatzeko prozesua nolakoa izan zen jakiteko aukera izango dute entzuleek.

Iker Sanchez musika aditu eta Euskadiko Gazte Orkestraren topaketen zuzendariaren laguntzaz ariko dira bi esatari gazteak. Gidoilari lanetan ari dira Martin eta Xabier Etxeberria —Ulu Mediakoak dira biak—. Zuzendaria Oier Aranzabal da, eta soinu paisaia osatzea Jon Gartziaren esku dago.

Guau plataformaren 'Hiru, Bi, Bach!' podcasta
Euskadiko Gazte Orkestraren musikari bat, 'Hiru, Bi, Bach!' podcastaren grabaketan, Lasarte-Orian. ULU MEDIA

EITBk iragarri duenez, bestalde, podcastaren helburua honako hau da: «Musika klasikoa gazteengana beste modu batean eta era berritzailean hurbiltzea. Gazteek kontsumitzen dituzten formatuak eta kanalak erabiliz, beren erreprodukzio zerrenda kutunean musika klasikoa sartzeko xedea ere badu saioak.

Podcastean, halaber, Euskadiko Gazte Orkestrako musikariek jotako piezak entzun ahalko dira. Kasurako, orkestrak iazko neguko programan eskaini zuen Beethovenen Zazpigarren Sinfonia, eta bertako musikariek berariaz podcasterako grabatutako piezak sartu dituzte aurreneko atalean.

Ondas bat Guauren podcast batentzat

Hamasei herrialdetako 1.170 hautagairen artean, hamalau podcast saritu dituzte Ondas sarietan. Atzo gauean egin zuten sariak emateko ekitaldia Madrilgo Fernan Gomez antzokian. Sarituen artean, Guau plataformaren euskarazko podcast bat ere izan zen: Maider Uriartek eta Inko Martinek EITBrentzat sortutako Mare egitasmoak podcast esperimentalik onenaren saria jaso zuen. Epaimahaiak adierazi du Uriartek eta Martinezek sortutako edukiak entzulea «ozeanoetako soinuen munduan» murgiltzea lortzen duela, eta formatu narratibo berritzailea erabili duela.

'Mare' euskarazko podcastak Ondas saria jaso du Madrilen.
Inko Martin, Maider Uriarte eta Maite Goñi, atzo Madrilen, Ondas saria jasotzen. ONDAS

Hizkuntza koofizialetako podcastik onenaren sarirako ere hautatu zuten, baina sari hori ez zuen irabazi. Guau plataforman entzun daitezke Mare-ren atal guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.