Komunikazioa

Musika taldeei buruzko 'Beste bat' saioa bihar hasiko da, ETB1en

'Docu-reality' berria 3Koma ekoizpen etxeak egingo du, eta 13 atalak igandeetan emango dituzte, 22:00etan

Euskal musikari ugari pasako dira uda honetan Beste bat saiotik. ETB.
Donostia
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Estilo guztietako bakarlari eta taldeek udan izango dituzten kontzertuen aurreko nahiz atzeko lana erakutsiko dute, bihar hasiko den Beste bat saioan. Irailera arte emango dute programa berria, igandero, ETB1en.

Hiruzpalau talde eta musika estilo oso ezberdin izango dira saio bakoitzean. Hala nola, biharko saioan Bizardunak, Kupela, The Sparteens eta Urko Menaia izango dira protagonista.

Hamahiru ataletan banatuta, besteak beste, Trikizio, Ze Esatek! eta Gatibu taldeak agertuko dira. Kantak konposatzen dituztenetik kontzertu ondorengo izerdietara, dena ikusteko aukera egongo da. Abeslari, taldeko partaide eta teknikoekin, Euskal Herriko hainbat txokotako agertokiak zapalduko dituzte.

45 minutu inguruko saio bakoitzean, bi egunetan eginiko mugimendu guztiak eta talde bakoitzaren esperientzia guztiak jakiteko parada izango da. Saioan azalduko diren talde guztiak euskaldunak dira.

3Koma ekoizpen etxeko talde txiki batek egingo du saioa. Hiru erredaktore, Josune Canales gidoilaria eta Beñat Fontaneda errealizadorea ariko dira, Luis Oiartzabalen zuzendaritzapean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.