Komunikazioa

Musikaz eta umorez betetako saio bereziak ETBko Gabonetan

Urteberri egunean, Anartz Zuazuak zuzendu duen bakarrizketa saio bat izango da ETB1en: 'Eguberri Off'

Asier Hormazak, Oscar Terolek eta Santi Ugaldek saio bat egingo dute Gabon gauean ETB2n. J. MANTEROLA / ARP.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Ohi bezala, musika eta umorea izango dira ETBko Gabonetako programazioaren ardatza. «Aurten, krisia dela eta, saioen egileek esfortzu bat egin beharko dute ikusleei irribarrea ateratzeko», azaldu zuen atzo Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendariak.

Aurreko urteetan erabilitako formulak errepikatuko dituzte oro har Eguberrietako saioetan. Euskal Kantuen Gaua aurten Kike Amonarrizek eta Itziar Atienzak aurkeztuko dute. Amonarrizek aurreratu zuenez, Ze Esatek! musika taldeak kanta ezagunen bertsioak egingo ditu platoan. Gabon gaua ETB1en kantuan pasatuko duten bitartean, ETB2n umore saio bat izango da: Al rescate. Oscar Terol, Asier Hormaza eta Santi Ugalde aktoreek dozenaka pertsonaia jokatuko dituzte saio horretan. Jordi Evole La Sextako erreportariak aste honetan cameo bat grabatu du saio horretarako, Lezon.

Eguberri egunean Xabier Lete gogoan kontzertua emango dute, 21:00etan. Egun horretan, halaber, ETB2 katean El conquistador del Aconcagua-ko finala emango dute.

Alkain, ETB1en eta ETB2n

2012. urteari ongietorria egiteko ETB1eko saio bereziari 12 baietz Finlandian izena jarri diote. Finlandia programako aktoreek egingo dute, Anjel Alkainek gidatuta. Eta Alkain bera ETB2ko Badator 2012 saioan agertuko da, Ibon Uzkudun aurkezleak atzo iragarri zuenez. Bihar grabatuko dute ETB2ko saioa, Gasteizen, eta bertan izango dira Fangoria, Nancy Rubias eta OBK taldeak. Jare eta Ainhoa Cantalapiedra ere ETB2ko Urtezaharreko saioan izango dira. Gauerdiaren aurretik eta ondoren, ETB2n Vaya semanita saioko esketx onenen bilduma emango dute.

Bakarrizketak euskaraz

Urtarrilaren 1ean, bestalde, ETB1ek Eguberri Off saioa emango du. Anartz Zuazuak zuzendu eta Kowalski ekoizpen etxeak prestatu du saio hori, eta bertan umorezko bakarrizketak izango dira. «Gabonetako istorioei buelta emango diegu», iragarri du Nagore Aranburuk —aurkezle lanetan ariko da—. Bakarrizketak egiten Mikel Pagadizabal, Iban Garate, Egoitz Lasa eta Itziar Urretabizkaia ariko dira. Nabarmentzekoa izango da, halaber, Kontxu Odriozola aktorearen parte hartzea. Goenkale utzi zuenetik Odrizolak ez du tankerako lanik egin ETBrako.

Datorren asteartetik aurrera, Mihiluze-ko lehiakideak neska-mutikoak izango dira. Hiru astez, gaztetxoekin egindako hamar saio izango dira ikusgai.

Hilaren 21ean, Joxe Migel Barandiarani buruzko dokumental zahar bat emango du ETB1ek.

San Tomas eguneko festak, Olentzeroren etorrerak eta Errege Magoen desfileak ere beren lekua izango dute, ohi den moduan, ETBko programazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.