'Nafar away' saioaren bidea Erronkarin amaituko dute, gaur

Hamaika telebistako programa Nafarroako 11 herri edo inguru desberdinetan ibili da 11 asteotan

Yasmine Khris Maansri Nafar away saioko aurkezlea, Izaban, azkeneko atalean. HAMAIKA TELEBISTA.
urtzi urkizu
2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Urtarrilaren 19an Tuteran (Nafarroa) hasi zuen bidaia Yasmine Khris Maansri itzultzaileak (Marseilla, Okzitania, 1996). 11 asteren ostean, Erronkarin bukatuko du Nafar away saioaren abentura. Gaur emango du Hamaika telebistak programako azkeneko atala, 22:00etan. Nafarroako oso ingurune desberdinetan ibili da aurkezlea, tokian tokiko euskaldunak elkarrizketatzen.

Yasmine Krhis Maansri «pozik» dago programarekin, ikasi duenarekin eta izan duen ibilbidearekin. «Balorazio oso ona egiten dugu lantaldean». Aurkezle lanetan aurreneko aldiz aritu da Krhis Maansri, eta, gainera, azken bi urteetan ikasi duen hizkuntzan. «Hasieran nahiko urduri sentitzen nintzen, kameragatik eta euskaragatik. Akatsak egingo ote nituen beldur nintzen. Nire euskara ez da perfektua, baina erakutsi dugu inork ez duela euskara perfektua, eta oso ondo ulertzen dugula elkar». Lehen atala grabatu zutenetik azken atalera, euskararen hitz jarioan aldea sentitu du aurkezleak.

Baina Nafar away ez da izan soilik Krhis Maansriren euskararen ahalduntze ariketa bat. Nafarroan zehar euskaraz egin daitekeela erakutsi du Hamaikako programak: Tuteratik Pirinioetaraino. «Euskara hizkuntza ofiziala ez den tokietan ibili gara, eta pozik gaude horrekin. Elkarrizketatuak lortzea, dena euskaraz egitea lortu dugu. Tuteran euskaldun asko topatu genituen, adibidez. Badaude aurreiritziak Nafarroako Erriberan oso zaila izango dela jende euskalduna topatzea, baina ez da hala izan».

Era berean, zenbait herritako udalak «pozez txoratzen» egon dira saioaren emaitzarekin. Bargotako Udalak (Lizarraldea), esate baterako, bere webgunean jarri du Hamaikaren programa. «Harrera zoragarria izan dugu toki guztietan».

 

Erronkariko azkeneko atalean, bestalde, askotariko bidaideak izango ditu Khris Maansrik: eski eskola bateko arduraduna; garagardo artisaua egiten duten garagardotegi batera joango da —Erronkariko euskara zaharreko hitzak erabiltzen dituzte garagardoak izendatzeko—; Izaban barna ibiliko da; eta amaitzeko, Otsagabiara joango da Izabako euskaldun batekin.

Aurkezleak aitortu du saioa egin arte Nafarroa ez zuela deus ezagutzen. «Ez dut autorik, eta orain arte ez naiz mugitu. Saioa Nafarroa ondo ezagutzeko eta bertako aniztasuna deskubrizeko baliagarria izan zait. Zoragarria da herrialdea: paisaiak, euskara...».

Etorkizunari begia, Khris Maansrik ez daki telebistako lan gehiago egingo duen. «Lehen esperientzia, behintzat, oso polita izan da». Martxoaren 8rako erreportaje bat ere egin zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.