Iker Zabalari erreleboa hartu dio Nagore Uriartek Hamaika Telebistako saio nagusiaren gidaritzan. Joan den astetik Uriartek aurkezten du Bat eta bat. Gainera, «freskotasuna eta kalitatea bermatzeko» asmoarekin, programa eraldatzea erabaki dute.
Gaueroko saioaren bizkarrezurra mantendu arren, informazioaren lanketa hobetzeko helburua jarri dute. Horretarako, albistegia trinkotuko da, eta elkarrizketei garrantzia berezia emango zaie aurrerantzean. Euskal Herriko informazioak tratamendu berezia izango du Hamaika Telebistan, eta pizgarri diren gaiek beren tartea izango dute. Elkarrizketa nagusiaren txokoak, berriz, berebiziko garrantzia hartuko du. Hemendik aurrera, egunerokotasun politiko, sozial, ekonomiko zein kulturalarekin bat eginik, hainbat alorretako pertsona esanguratsuak izango dira Bat eta bat-eko elkarrizketa atalean. Nahiz politika nagusi izan, astean behin gai sozialei helduko diete, eta ostiral gehienetan kultur munduko pertsonak gonbidatuko dituzte.
Gainontzean, Hona Hemen erreportaje atalak, Eguneko Irudia tarteak (zeinak harreman zuzena izango duen webgunean jarri den Ikusleen Txokoarekin) eta eguraldiaren iragarpenak osatzen dute Bat eta bat berritua.
Nagore Uriarte aurkezle berriak (Bilbo, 1985) bigarren urtea du Hamaika Telebistan. Hasieran erreportajeak lantzea zuen bere betebeharra. Ondoren, Berbaz eztabaida saioari ekin zion. Eta programa horretan ere jarraitu egingo du aurkezle, ostegun gauetan. «Animatuta» dago Uriarte lan berriarekin. «Erronka handia iruditzen zait». Leioan kazetaritza ikasketak egin zituen Uriartek, eta Hamaikara iritsi aurretik itzulpenak egiten ibili zen.Hamaikak dituen kolaboratzaileen ekarpena nabarmendu nahi du aurkezleak: «Bai Berbaz-en eta bai beste saioetan ere, kolaboratzaileei esker ateratzen dira programak aurrera».
Komunikazioa
Nagore Uriarte da Hamaikaren 'Bat eta bat' saioko aurkezle berria
«Freskotasuna eta kalitatea bermatzeko» asmoarekin, programa eraldatzea erabaki du Hamaika Telebistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu