Bi urte luze dira Hamaikan lanean hasi zenetik, eta maiatzetik hura da prime time-ko aurkezlea. Hamaikara iritsi aurretik itzulpengintzan ere aritu zen Nagore Uriarte (Bilbo, 1985).
Zer aldaketa nagusi egin dituzue Bat eta Bat saiotik Gurean gaur-era?
Fisikoki eta estetikoki platoa aldatu dugu. Itxura aldaketa polita izan da, eta gonbidatuek hori esan digute. Eduki aldetik, beste telebista batzuekin bat egiteak jauzia ematea ekarri du. Tokiko kateekin egindako hitzarmenak ez du bakarrik saioaren izena aldarazi, baizik eta beste eduki batzuk sartzea ahalbidetu du. Eremua zabaltzea ekarri dio saioari. Lehen, Bilbo eta Donostiara mugatzen ginen. Orain, bestelako albisteak sartzeko aukera dugu. Formatua bestelakoan berdintsua da, albistegi, elkarrizketa eta erreportajearekin. Albistegia da gehien aldatu dena. Gainera, esan behar da tokiko kateek ere ematen dutela gure albistegia.
Euskal Herri osoko albisteak ematen dituzue. Denborarekin albistegia erreferente bilaka daiteke euskal ikusleentzat?
Guk espero dugu baietz. Kontziente gara telebista txikia garela. Baina batzen bagara eta aurrera egiten badugu, zergatik ez. Nahiz eta baliabide gutxi izan, erreferente bilaka gintezke. Bilbo aldean, adibidez, ez da ohikoa euskara entzutea komunikabideetan. Eta, alde horretatik, hizkuntzarengatik, erreferente izan daiteke ikusleentzat.
Tokiko kateen erreportajeak izateak zer aldaketa kualitatibo eman dio saioari?
Ikusleen aldetik, jendeak suma dezake gertutasun handiagoa. Gipuzkoa eta Bizkaia ez dira bakarrik Donostia eta Bilbo. Orain, adibidez, Debagoiena inguruko jendea identifikatuago senti daiteke gure saioarekin bere eskualdeko berriak ikusten dituelako.
Noizko Gasteizko egoitza martxan?
Garai txarrak dira, eta nahikoa dugu eustearekin. Baina espero dezagun aurrera egitea eta Gasteizen ere martxan jartzea.
Elkarrizketa nagusiak egiterakoan zer kriterio erabiltzen dituzue gonbidatuak aukeratzeko?
Hasiera batean modu honetan antolatu genituen asteko elkarrizketak: astelehen eta asteartetan politika, asteazkenetan ekonomia, ostegunetan gizarte gaiak eta ostiraletan kultura. Gero, batzuetan aldaketak egoten dira, baina astero errespetatzen duguna da ostiraleko kultur arloko elkarrizketa. Astearen hasieran eregehienetan politika mantentzen dugu.
Zein elkarrizketak eragin du gehien zugan?
Iñigo Urkullu lehen aldiz etortzea berezia izan zen. Izan ere, haren atzetik luze ibili ginen, eta kosta zitzaigun gure egoitzara ekartzea. Zaila izan zen lortzea, baina espero dugu gehiagotan etortzea.
Internet bidez ere ikus daiteke Gurean gaur saioa. Eduki espezializatuak, elkarrizketak zein erreportajeak, gehiago zabaldu daitezkeela iruditzen zaizu?
Inaxio Esnaola lankidea Twitterren ari da lan hori egiten. Facebooken ere saiatzen gara edukiak iragartzen. Agian eduki laburrak sartu beharko genituzke, pildora modukoak. Izan ere, Interneten eduki luzeak ikustea zailagoa da. Ari gara teknologia berriei garrantzia ematen, eta horretan jarraituko dugu.
Independentzia eskura kanpaina egin duzue Hamaikan. Zer adierazi nahi duzue horrekin?
Hamaika telebista promozionatu nahi genuen, eta esanahi politikotik at, iritzi aniztasuna biltzen dugula adierazi nahi genuen. Independenteak izan nahi dugula eduki aldetik eta jende guztiak lekua duela Hamaikan. Leloak badu indarra.
Gustura egingo zenuke beste formaturen bat?
Niri kamera atzeko lana gehiago gustatzen zait, baina pixkanaka ari naiz trukoa hartzen. Elkarrizketa pertsonalagoak egingo nituzke gustura, edo gizarte gaiak jorratzen dituen saio bat.
Komunikazioa. Nagore Uriarte. Hamaika Telebistako aurkezlea
«Nahiz eta baliabide gutxi ditugun, erreferente bilaka gintezke»
Astelehenetik ostiralera, 20:50etik 22:00etara, 'Gurean gaur' saioa aurkezten du Nagore Uriartek. 'Bat eta Bat'-en lekukoa hartu du programak, tokiko kateekin elkarlanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu