'Navarra Directo' itzuli da

Bost urtez, ETBk ez du eguneroko saio propiorik egin Nafarroan. Deskonexioan emango dute, 14:30ean

Susana Erroz, ETB2ko Navarra Directo saioko aurkezlea. EITB.
urtzi urkizu
2018ko azaroaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

2013ko udan, EITBko zuzendaritzak Navarra Directo saioa kentzea erabaki zuen, eta hamar langile joan ziren kalera; ETB Nafarroan ikusteko trabak ziren orduan nagusi. ETB1 eta ETB2 Nafarroa osoan ikus daitezke gaur egun, ordea, eta Navarra Directo berreskuratzea erabaki dute. Atzo aurkeztu zuen Susana Erroz kazetariak etapa berriko aurreneko saioa. Nafarroako deskonexioan emango dute saioa ETB2n, astegunetan, 14:30ean. ETBk Nafarroan egiten duen saio bakarra da.

Errozekin batera, Iñigo Ziganda, Oihane Garzaron, Izaskun Artigas, Amaia Nadal eta Mirentxu Iribarren kazetariak daude saioko lantaldean. Eta Iñaki Redin da programako zuzendaria —1998tik 2013ra kargu hori bete zuen, eta Nafar Telebistako zuzendaria izan zen gero—. Fase3 ekoizpen etxeak egiten du programa. Redinek azaldu duenez, ETB Nafarroa osoan emateko aukera ahalbidetu ostean, telebista Navarra Directo berreskuratzeko ahaleginean hasi zen. «ETBk tratu berezia eman dio bertako informazioari, baita Nafarroari ere. Uda baino lehen, proposamena mahai gainean jarri zen, eta orain gauzatu da», zehaztu du saioko zuzendariak.

ETBk iragarri duenez, programak funtzio bikoitza beteko du: batetik, Nafarroako aktualitate politiko eta sozial eguneratua helaraziko die bertako ikusleei. Eta, bestetik, bozgorailu rola jokatuko du, eta bizilagunen kezka nagusiei ahotsa jarri. Kultur ekitaldiak ere errepasatuko dituzte.

Nahiz eta saioa gaztelaniaz den, Redinek esan du euskarari buruzko gaiak jorratuko dituztela. «Eta euskaraz ere egonen dira elkarrizketak, saioko bideoetan gaiak hala agintzen duenean. Gure hizkuntza normaltasun osoz erabiliko dugu».

Redinen iritziz, denbora gehiegi pasatu da ETBk Nafarroan albistegi propio bat izan gabe. «Egiazko informazioa beharrezkoa da beti, eta orain are gehiago sare sozialek erakusten duten errealitatea askotan ez delako benetakoa». Kazetariak espero du ETBk etorkizunean Nafarroan saio gehiago egitea. «Navarra Directo-ren itzulerarekin, lehenbiziko pausoa emana dago». Urtarriletik aurrera, eztabaida politikoak egingo dituzte hilero, alderdi guztietako ordezkariekin.

Radio Euskadiko eskaintza

ETB2n ez ezik, Radio Euskadin ere deskonexioak egiten dituzte Nafarroan: 07:30ean, Mikel Donazarrek azken orduko albisteen berri ematen du Boulevard Informativo irratsaioan; astelehenetan, Aritz Agirrek eta Rafa Aguilerak kirol albisteak errepasatzen dituzte Si nos confiamos tartean; eta larunbatetan, 10:00etan, Parlamento foral en las ondas saioan, alderdietako bozeramaileen eztabaida egiten dute, Aritz Agirreren zuzendaritzapean.