Komunikazioa

'Nekane Amaya' filma gaur, ETBn

Javier Garcia de Vicuñak zuzendutako umorezko telefilm hori 22:25ean ikusi ahalko da, ETB2 katean

Yago Mateo, Maribel Salas, Iñigo Salinero eta Miriam Cabeza Nekane Amaya, la película telefilmeko aktore protagonistak. ETB.
Erredakzioa
Donostia
2013ko otsailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
ETB2 kateak Nekane Amaya: la película telefilma estreinatuko du gaur, 22:25ean. Vaya Semanitasaioan aurreko denboraldian agertu zen Nekane Amaya ijitoaren eta bere familiaren inguruko ordubeteko filma da.

Nekane Amaya ijito abertzaleak eta bere familiak babes ofizialeko etxe bat lortu dute Bilboko auzo batean. Hara iritsi bezain laster, salmenta postua martxan jarriko du Nekanek, ardi latxen artilearekin egindako galtzerdi eta kuleroak saltzeko asmotan. Agustin eta Arkais, Nekaneren senarra eta semea, auto istripu baten kalte-ordaina lortzen saiatuko dira. Gauzak gehiago korapilatuko dira, Siorsa alaba auzoko udaltzain batekin harremanetan hasten denean. Mari Jaia ahuntzak, bestetik, auzokoen artean zoramena eragingo du.

Maribel Salas aktoreak jokatzen du Nekane Amayaren rola. Familiako beste kideak hezurmamitzen dituzte Miriam Cabeza, Iñigo Salinero Txaflas eta Yago Mateo aktoreek. Auzoko bizilagunen artean, berriz, Andoni Agirregomezkorta Vaya Semanita-ko aurkezle eta aktore ohia, Iker Galartza (Vaya Semanita-n ibilitakoa) eta Borja Perez daude. Perez ezagun egin zen duela urte batzuk ¡Que vida más triste! umore saioari esker.

Telefilmeko zuzendaria Javier Garcia de Vicuña da. Urte asko dira Garcia de Vicuña Pausokan lanean ari dela. Vaya semanita hainbat urtez zuzentzeaz gain, TVEko Made in China eta Cuatroko Vaya tropa saioen arduraduna izan zen. Dena den, ETBrentzat egindako umorezko programaren adinako arrakastarik ez zuen lortu Espainiako kateetan.

Ondoren, 'Poligoneros'

Ijito abertzalearen inguruko filma estreinatu ostean, ETB2k Poligoneros saio berezia emango du, 23:20ean. Vaya Semanita-ko beste bi pertsonaia ezagunen gorabeherak dira lan horren ardatza: Jonan eta Txori. Javier Antonek eta Diego Perezek jokatzen zituzten Jonan eta Txori tuneroen pertsonaiak. Tuninga maite dute pertsonaiok, edari energetikoak gogoko dituzte, eta Vin Diesel aktorea da haien eredua. Adinean aurrera doazela, inguruko lagunek bizimodua aldatuko dute. Baina Jonanek eta Txorik ez dute aldatu nahi. «Umore garratzeko komedia errealista» gisa definitu du saioa ETBk. Aktore taldean, Santi Ugalde, Aitziber Garmendia, Arantza Garces, Iñaki Ardanaz eta Josu Angulo daude.

2012-2013ko denboraldian, bestalde, Vaya Semanita-ren atal berezi bakarra eman du ETB2 kateak. Azaroaren 26an emititu zuten, eta Andoni Agirregomezkortak gidatu zuen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %17,9ko ikusle kuota lortu zuen, 2009tik izandako emaitzarik hoberena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.