Komunikazioa. Irlen sarea

Nik ezin dut...

gorka julio
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Nik ezin dut ekarpenik egin; zer ekarpen egin dezaket nik, ba? Ez dut horretarako balio; ez dut jakintza nahikorik ekarpenik egiteko... Mila dira geure buruari jartzen dizkiogun oztopoak gauzak egiteko orduan. Askotan aitzakiatzat erabiltzen ditugunak, baina beste batzuetan benetan sinisten ditugun mantra negatiboak dira.«Nik ez dut ezer kontatzeko» eta halako esaldiak ohikoak dira, eta etsipena erakusten dute.

Auzolanean oinarritutako proiektuen kontrakoak dira etsipena erakusten duten esaldi horiek guztiak. Euskarak aurrera egingo badu, auzolan proiektuak, beste mota bateko proiektuekin batera, beharrezko izango dira, eta denon ekarpena garrantzitsua da horretarako.

Euskal Wikipedia adibide gisa jartzen badugu, webgunean(http://eu.wikipedia.org/wiki/Laguntza:Edukiak) informazio ugari topatuko duzu, eta bestela, betiere komunitatean parte hartzen duten pertsonen laguntza eska dezakezu. Baina puntu honetaraino iritsi aurretik aipatu ditugun oztopo psikologikoak gainditu beharko dituzu.

Zure ekarpena garrantzitsua dela konturatzeko Wikipedia bera bisitatzea besterik ez duzu. Zer esaten da zure herriari buruz? Zure jakintza gaien inguruan zer falta da? Ziur zaude ezin duzula irakurtzen ari zaren artikulu hori hobetu? Argazkilaritza gustuko duzu eta zure argazkiak libreki Wikipedian egotea gustatuko litzaizuke? Mila dira egin ditzakezun gauzak.

Hala ere, egia da proiektu batean abiatzen hasteko hoberena bertan jada dabiltzanen laguntza jasotzea dela. Auzolanean oinarritutako proiektu gehienetan jendea prest dago laguntzeko, beti lan egiteko prest bazaude behintzat. Wikipediaren kasuarekin jarraituz hori posible egiteko aukera paregabea izango da abenduaren 6an, Durangon egingo den edizio maratoian.

Maratoia hasteko, Euskal Wikipediaren proiektua aurkezteko hitzaldia izango da eta itzulpen automatikorako tresnari sarrera txiki bat egingo zaio. Ekitaldiaren zati nagusia praktika izango da: edizio maratoia. Egunean, 10:30etik 19:30era bitartean, Durangoko Azokan bertan, Wikipedian editatzen ikasiko da, saioan bitartean tutoreak laguntzeko izango baititu. Helburua norberaren ekarpena euskarazko Wikipedian bere jakintza arloko artikulu eta edukiak sortu eta/edo eguneratzea da, modu gidatu batean. Ezina ekinez egina!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.