Eduard Biosca. Umorista

«Nire auzian, pertsonaia baten interpretazioaren askatasuna urratzen da»

Urtarrilaren 22an Bartzelonako auzitegian deklaratu beharko du Bioscak. Rac1 irratian Espainiako Polizia iraintzea leporatzen diote, fikziozko Senyor Bohigues pertsonaiak egindako txiste bategatik.

BERRIA.
urtzi urkizu
2017ko abenduaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
2001ean ekin zion Senyor Bohigues «ahoberoarena» egiteari Eduard Bioscak (Terrassa, Katalunia, 1965), antzokietan. Hamar urte dira pertsonaia irratira eramaten hasi zela. Espainiako Gobernuak Bartzelonara bidalitako itsasontzietan arratoiak zeudela zabaldu zuten hedabideek. «Lehen 10.000 arratoiak Madrildik ekarri zituzten», esan zuen pertsonaiak. Aktorea auzipetu egin dute horregatik.

Zer dio urtarrilerako daukazun zitazioak?

Espainiako Poliziari irainak egitea leporatzen zait, baina ez nik esandako zerbaitegatik, baizik eta Bohigues pertsonaiak esandakoengatik. Tabernako barrako ahobero bat da Bohigues... Rac1 irratiko webgunearen arabera, munduan ezagutza oker handiena duen ahoberoa da. Badauka irizpidea, baina beti errealitatetik aparte. Dirudienez, pertsonaiak esan zuena oso-oso garrantzitsua da Espainiako Poliziarentzat.

Pertsonaiak une horretan esandakoarekin jendeak barre egin al zuen?

Bai, bai. Iruditzen zait umorista askotan jendearen iritziaren ispilu dela. Jendeari grazia egin bazion, seinale ez dagoela oso pozik Poliziaren jokabidearekin.

Ba al du zentzurik auzipetua izateak umorezko pertsonaia batek esandakoengatik?

Abokatu batek esan didanez, epaile baten aurrean deklaratuko dut, eta gero artxibatu egingo dute auzia. Argituz gero pertsonaia bat dela, ez dut uste arazorik egongo denik. Pertsonaiaren iritziak ez du bat egiten nirearekin. Kritikoa izan naiteke Poliziarekin, baina ez nuke inoiz esango arratoiak direla edo halakoren bat. Dudan iritzia Twitterreko eta Facebookeko kontuetan irakur daiteke, eta horietan inoiz ez dut inor iraindu. Irainak ikusten baditut, saiatzen naiz pertsona horiek nire kontuetatik ateratzen.

El Jueves aldizkariko zuzendariak ere deklaratzera joan behar izan zuen, Poliziari irain egitea egotzita. Egoera kezkagarria al da umoristentzat?

Bai, atzera jotzen ari gara. Versió Rac-1 irratsaioko lantaldean bildu ginen, eta pentsatu dugu umoristok Francoren garaian egiten zena egin behar dugula: gauzak esan, baina esan gabe. Ez gaudefrankismoan bezain gaizki, baina herrialde aurreratuago batzuetan baino okerrago gaude. Demokrazian urte gehiago daramaten herrialdeetan umorearen egoera hobea da. Eta atzeratuago dauden herrialdeetan, okerragoa. Katalunian demokrazia handiagoa eskatzen ari gara. Erreferendum bat eginda, jendeak botoa ematen du. Espainiako Estatuak eraso bat ikusten du hor. Baina erreferenduma ez da independentista, bai ala ez bozka dezakezu eta.

Bohigues jauna oholtzara eramaten duzu oraindik ere, ezta?

Bai, larunbatetan Teatreneu antzokian [Bartzelona] antzezten dut. Salaketaren berria atera zenetik ikusle gehiago datoz antzokira. Jende asko babesa adieraztera etortzen da.

Adierazpen askatasuna ez dago bere onenean, ezta?

Ez. Dena den, nire auzia ez da adierazpen askatasunekoa. Pertsonaia baten interpretazioaren askatasuna urratzen da; kasik larriagoa da. Twitterren, berriz, txiolari batzuk heriotza eskatzen dute katalanentzat, eta ez da ezer gertatzen. Aldiz, Carrero Blancoren txiste batekin, hor gertatzen da zerbait. Ez dago orekarik. Gure saioan pertsonaia eskuindar batzuek sekulako astakeriak esaten dituzte katalanen aurka, eta inoiz ez da ezer gertatu.

Zaila ikusten duzu Espainiako Gobernuaren jokabideetan aldaketarik egotea?

1978ko trantsizioan, falangisten eta demokraten arteko akordio bat egon zen. Baina gero demokraten aldea, sozialistena bereziki, usteldu egin zen. Falangistak izan zirenei kateatuta gelditu dira PSOEkoak. Espainiako arazoa hor ikusten dut. Katalunian demokraziak eboluzionatzea eskatzen da, eta jendearen gehiengoak eskatzen duena bozkatu egin beharko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.