Komunikazioa asko aldatu da azken urteotan, baina komunikazio mota batzuk beste batzuk baino gehiago. Batez ere, komunikazio indibidualista garatu edo bultzatu izan da, elkarreragileak diren komunikazio motetan batik bat. Telefonoak, adibidez, bi pertsonaren artean komunikatzeko balio digu, baina zaila egiten du askoren artean komunikatzea.
Hori horrela izateko arrazoiak asko dira: batzuk teknikoak, audio eta bideoa garraiatzeko kostuak adibidez, baina beste batzuk, sistematik bultzatutako joerak. N (hainbat) pertsona eta beste N artean, denbora errealean eta era elkarreragilean komunikatzeko tresnak, egon, egon dira, baina gehienak komertzialak.
Azkenaldian, komunikazio mota hori ahalbidetzen duten software libreko tresnak sortuz eta hobetuz joan dira. Testu solasguneak aspaldi dira ezagunak, baina ez hainbeste kriptografia erabiltzen duten Cryptocat bezalakoak. Etherpad tresnan oinarritutako Piratepad tresnak, aldiz, aukera ematen du hainbaten artean, eta aldi berean, dokumentu bat editatu eta eztabaidatzeko. Biak, azalduko ditugun besteak bezala, behin zerbitzari batean instalatuta, nabigatzaile soil batetik erabil daitezke.
Testu aplikazioak ez dira berriak, baina audio eta bideo pertsona askoren arteko komunikazio errazak ahalbidetzeko beste tresna batzuk ere sortzen ari dira. Audio eztabaidak gauzatu ahal izateko, Mumble (http://mumble.sourceforge.net/) dugu. Bideo eztabaida eta elkarrizketak egin ahal izateko, Openmeetings (http://incubator.apache.org/openmeetings/).
Ez da kasualitatea, tresna hauen guztien eztanda ikustea. Alde batetik, krisia dela eta,gero eta garrantzitsuago bihurtzen ari da sektore profesionaletan mugitu gabe elkartzeko gaitasuna izatea. Baina gizartearentzat eta, batez ere, mugimendu sozial eta politikoentzat, are garrantzitsuagoa izango da jendea elkartzeko, elkarlanean aritzeko eta mobilizatzeko. Kokapen geografikoa oztopo izan gabe, komunitateak eratzeko eta lan egiteko tresna bilakatu daitezke.
Hurrengo urtera begira gaudela eta biziko ditugun egoerak kontuan hartuta, iragarpen bat egin behar banu, izaera kolektiboak hartuko duen garrantzia aipatuko nuke. Tresna horiek eta etorriko diren beste batzuek behar horiek azpimarratzen dizkigute; dudarik ez izan, beharko ditugu.
Komunikazioa. Irlen sarea
N:N komunikazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu