Komunikazioa. Arnaud Davire. 'Sport et handicaps'-eko sortzailea

«Ohiko prentsak oso uzkur jokatzen du kirol egokituarekin»

Urte askoan entrenatzaile izan ondoren, kirol egokituei buruzko webgunea sortu du Davirek. Frantsesez argitaratutako bakarra da.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2013ko irailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donostian ibili da egunotan Arnaud Davire (Sucy-en-Brie, Frantzia, 1974), Europako Kontseiluak antolaturiko Mediane jardunaldietan. Gutxiengoen eta baztertuen presentzia hedabideetan nola sustatu eztabaidatu dute hiru egunez, atzo arte. Eskarmentua du Davirek gutxiengoei buruzko albisteak lantzen; 2008an Sport et handicaps ataria sortu zuen, frantsesezko kirol egokituei buruzko webgune bakarra.

Zer dela-eta otu zitzaizun kirol egokituei buruzko ataria sortzea?

Proiektuari ekin aurretik, Frantziako atletismo egokituko entrenatzailea izan nintzen, denbora luzez. Atenasko Olinpiar Jokoetan eta Europako eta Munduko hainbat txapelketatan egondakoa naiz. 2005ean utzi nion entrenatzeari, eta kirol egokituari lotutako enpresatan aholkularitza lanak egin nituen. Haiei proposatu nien webgune espezializatu bat egitea, baina ez zuten begi onez ikusi. Uste zuten Olinpiar Jokoetatik kanpo kirol egokituari buruzko berriek ez zutela arreta bereganatuko. Orduan blog batean hasi nintzen idazten, haiei erakutsi nahian bazuela interesa kirol egokituak. 2006an hasi nintzen elikatzen, eta, jarraitzaile asko zituenez, proiektu komunikatibo bat bihurtu zen.

Nolako ataria da?

Kirolei buruzko atari bat da, frantsesez kirol egokituei buruz dagoen bakarra. Olinpiar Joko Berezietako kirolei buruzko albisteak argitaratzen ditugu, baina baita olinpiar jokoetatik kanpokoak. Mugimendu, zentzumen eta adimen urritasunen bat dutenek egiten dituzten kirol guztiak hartzen ditugu kontuan. Frantziako Kirol Egokituen Federazioarekin lan egiten dugu, eta herrialdeko eta nazioarteko gaiei buruzko edukiak jartzen. Audioak, argazkiak, bideoak eta testuak jartzen ditugu, eta beste aldizkarietarako edukiak prestatzen ditugu.

Zein helbururekin sortu zenuen webgunea?

Kirol egokitua interesatzen zaienek asko estimatzen dute webgunea. Gure helburu nagusia horixe da: mundu horretan aritzen direnentzako informazio puntu bat izatea.

Nola jorratu ohi dituzte kirol egokituak ohiko hedabideetan?

Guk komunikabide tradizionalengana jotzen dugu gure edukiak eskaintzeko. Informazio agentzia baten gisa jokatzen dugu, kirol egokituari buruzko edukiak hedabideetara irits daitezen. Olinpiar Jokoetatik kanpo, ohiko hedabideetan oso urriak dira kirol egokituen inguruko berriak.

Zergatik ohiko komunikabideek ez dute kirol egokituaren berririk ematen Olinpiar Jokoetatik kanpo?

Arrazoi asko daude. Ohiko prentsak oso uzkur jokatzen du kirol egokituarekin. Nire ustez, ezjakintasun handia dago kirol egokituei dagokioneaz. Hedabide oso gutxi interesatzen dira kirol egokituaren egutegian. Aulki gurpilduneko saskibaloia munduan gehien praktikatzen den kirol egokitua da. Urte osoan txapelketa ugari daude; herrialdeko txapelketak ez ezik, hor daude bi urtean behingo Europako eta Munduko txapelketak; Ameriketako Estatu Batuetan zale asko ditu... Jokalariak profesionalak dira hainbat herrialdetan, baina hedabide askok ez dute horren berri.

Jardunaldietan aipatu dutenez, aniztasuna osoki landu ezean, gutxiengoek tarte jakin batean bakarrik izango dute azaltzeko aukera, eta «hedabide ghettoak» sortzen dira.

Nik nahiago diet hedabide espezializatuak deitu. Ataria sortu nuenean, ez zegoen antzeko ezer kirol egokituari buruz. Egun bisitariak irabazi ditu, baina oraindik urrun gaude izan beharko litzatekeenetik. Sport et handicaps ez balego, informazioa asko ez litzateke argitaratuko. Kirol egokitua hedabide guztiek landuko balute, ez legoke gunearen beharrik; hori litzateke egokiena, baina urrun dago egun hori.

Zer iruditzen zaizkizu Mediane eta antzeko jardunaldiak?

Bigarren jardunaldiak ditut; iaz, Bordelen (Frantzia) egon nintzen beste batean. Oso interesgarriak dira, harremanak egiteko oso baliogarriak; beste era batera pentsatzen duten profesionalen iritziak jasotzeko balio dute. Iaz, saskibaloian aulki gurpildunean dabiltzanei buruzko dokumental bat egin nuen Italiako eta Alemaniako bi lankiderekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.