Xabier Madariaga. EITBko kazetaria

«Onak bagara euskal agendan, gure edukiez hitz egingo da»

ETB1eko 'Ur handitan' erreportaje saioa joan den astean itzuli zen, Madariaga aurkezle duela. Gaur haurren transexualitatearen inguruan hitz egingo dute, 22:25ean.

urtzi urkizu
2017ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Ekialde Hurbilean —hiru urtez—, Madrilen —bi urtez— eta Parisen—zazpi urtez— aritu zen EITBko berriemaile Xabier Madariaga (Bilbo, 1981). Irratietako oposizioetan lanpostua lortu du, eta Radio Euskadiko Ganbara-n hasiko da hilaren amaieran, aitatasun baimena bukatzen zaionean. Lan horretan ez ezik, Ur handitan saioa aurkezten jardungo du.

Ur handitan saioa Jaime Otamendik aurkeztu zuen, 2015ean. Etapa berri honetan, aurpegiaz gain, gauza gehiago aldatuko al dituzue?

Kalitateari eutsi nahi diogu. Saioa martxan jarri dutenek aipatu dute protagonisten egunerokoan sartu nahi dutela. Elkarrizketa soil bat egin beharrean, haiekin egun bat pasatu, adibidez. Niretzat ohore bat da Otamendiren Ur handitan saioan jarraitzea.

Gaur haur transexualei buruz ariko zarete. Facebookeko zentsura eta afixen erasoak ere sartzeko aukera izan duzue?

Aipamenen bat izango da. Batez ere saiatuko gara ulertzen transexualitatea pasatu duen haur bat. Mikeleren kasuan murgilduko gara. Sekulakoa izan da entzutea zailtasunak nola gainditu dituen. 16 urte ditu, eta mirestekoa da nola hitz egiten duen. Baina tragediak ere ageriko dira saioan; adibidez, bere buruaz beste egin zuen transexual baten kasua. Dena den, Mikeleren mezu positiboarekin gelditzen gara.

Zein beste gai landuko dituzue datozen asteetan?

Saiatuko gara Altsasun [Nafarroa] iaz izan ziren liskarretan argi pixka bat egiten. Jakin nahi dugu zer gertatu zen, eta zergatik hitz egiten ari diren terrorismo auzi bati buruz. Organo transplanteei buruzkoa izango da beste erreportaje bat. Gainera, hemendik gutxira, sexua bilatzeko forma berriei buruz hitz egin nahi dugu, jende askok ez baititu ezagutzen.

Erredaktore talde sendoa atzean izatea funtsezkoa izango da erreportajeak aurrera eramateko, ezta?

Bai, haiek dira programa osoa aurrera ateratzen dutenak. Erredaktoreen artean Hamaika telebistatik etorritako bi daude: Irati Sarasua eta Leire Ferro. Fermin Etxegoien da gidoilaria. Nik aurkezpen batzuk egin behar ditut, eta elkarrizketetan egon. Baina lan handiena haiena da.

Ikusle datuek kezkatzen al zaituzte?

Ni ez. Baina konturatzen naiz ekoizpen etxeak astero begiratuko dituela. Bederatzi atal sinatu dituzte ETBrekin, eta pentsatzen dut datuek izango dutela zerikusirik jarraipenarekin. Niretzat, programa hau egitea opari bat da. Albistegietako elkarrizketetan ez duzu denborarik. Kasu honetan, nahi ditudan galdera guztiak egiteko aukera dut, eta pertsonaien errealitatea ondo ezagutzeko aukera ere bai, denbora gehiago dagoelako.

Hiri handietan aritu izan zara berriemaile. Non nahiago duzu lan egin: Euskal Herrian ala atzerrian?

Bietan. EITBko albistegiek eman ahal dizuten onena atzerrian aritzea da. Jende oso ezberdina ezagutzeko aukera ematen dizu, eta atzerrian egotearen aberastasuna. Dena den, Gipuzkoako Beasain eta Bergara herrietan ez nintzen inoiz egon, eta Ur handitan-i esker bisitatu ditut.

Kazetari gisa zein izan dira zuretzat ur handienak?

Haitiko lurrikara eta Parisko terrazetako atentatuak. Palestinan gauza indartsu asko bizi izan nituen, tartean Arafaten heriotza, baina gazteegia nintzen, eta ez nituen bizi azken horiek bizi izan ditudan moduan.

Frantziako telebistatik zer kopiatuko zenuke?

Dokumental onek prime-time-an duten lekua. Badakite ondo funtzionatuko dutela, eta publikoaren interesa dago.

EITB birsortzeko proposamenak egiten ari dira hainbat talde politiko. Zein da EITBk duen premiarik handiena?

Garrantzitsuena da argi izatea zerbitzu publikoa garela. Erreferenteak izan behar dugu albistegietan, eta programetan ere bai. Lortu beharko genuke gure saioak jendearen ahotan egotea. Horretarako, euskal agenda bultzatu behar da. Hori proposatu du Maddalen Iriartek EH Bilduren izenean. Euskal agendaren eraketan onak bagara, jendeak hitz egingo du gure edukiez, eta interesa egongo da, gertukoak garelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.