'Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko' podcasta sortu dute Laban

Bi astean behin egingo dute podcast berria, jendaurrean. Euskalerria Irratiak ere emango du

Yasmine Khris Maansri eta Iker Tubia podcastaren probako atala aurkezten, martxoaren 17an. IÑIGO URIZ / FOKU.
urtzi urkizu
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Askotariko ekitaldiak antolatzen ari dira Iruñeko Laba espazio berrian. Askotariko egitasmoak ari dira labetik ateratzen, eta horietako bat da Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko jendaurreko podcasta. Martxoaren 17an egin zuten probako 0 atala. Hilaren 7an, berriz, ofizialki lehen atala egingo dute Laban bertan, 19:30ean. Interneteko plataformetan sareratzeaz gain, Euskalerria Irratiak ostiraletan emanen du saioa uhinetan. Bi astean behin egiteko asmoa dute, oraingoz.

Tokikoa eta umoretsua da podcast berria. Aurkezleak Yasmine Khris Maansri itzultzaile eta BERRIAko kazetaria eta Iker Tubia BERRIAko kazetari eta dantzaria dira. Labako kideak dira biak. Ideia Labako denen artean sortu dela azaldu dute.

Tubiak podcastaren egitura nolakoa izango den iragarri du: «Sarreratxo baten ondoren, aktualitate gaiak lantzen ditugu Markesinan, gaur atalean. Iruñerriko kontuak izango dira, auzoz auzoko errepasoarekin. Irri egiteko berriak izango dira, batez ere». Auzoetan ezagutzen dituzten lagunei esker landuko dute. Beste atal bat Badakit zer egin zenuten azkeneko parrandan izango da; Itsaso Agirre aktorearen laguntza izan zuten 0 atalean. Iruñeko giroaren berri emango dute.

Elkarrizketa nagusian, debekaturik dagoen gai bat egongo da. «Elkarrizketatuari gai bat debekatuko diogu. Iruñerrikoa edo Iruñerrian bizi den jendea elkarrizketatuko dugu», azaldu du Tubiak.

Kontsultorio bat ere badu podcastak: Ez da niretzat, lagun batentzat da. Poto bat dago Laban, eta bertan jendeak nahi dituen mezuak utz ditzake. «Inprobisaziorako tartea ere utziko dugu. Saioa egiten ari garen bitartean utzi daitezke mezuak, gainera».

Khris Maansrik iragarri duenez, «mikro irekia» utziko dute atal bakoitzaren amaieran. «Modu bat da jendea gugana hurbiltzeko, eta gu haiengana».

Laba barneko gorabeherek izango dute tartea Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko-n. Tubiak zera uste du: «Gertutasuna eta freskotasuna lortu nahi ditugu modu horretan. Labatik ari gara, eta gure artean gertuago sentitzeko saio bat izango da». Hala ere, Khris Maansrik nabarmendu du mundu guztia izango dela ongietorria saioa ikustera joateko eta parte hartzeko.

Iruñerriko auzoek eta tabernek presentzia nabarmena dute podcastaren momentu batzuetan. «Hor baita gure ingurua, gure bizitzeko manera», gaineratu du Tubiak.

Nahiko lukete podcastean zuzeneko musika ere sartzea. Tubia gogotsu dago: «Joango gara hobetzen, baina ez daukagu presiorik. Laba ere hori da: probatzea eta esperimentatzea».

Khris Maansrik azaldu du, halaber, Twitterreko kontuaren bitartez interakzioa sortu nahi dutela publikoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.