Koldo Zuazua. Ekoizlea

«Ordainpeko kateetan egin daitezke soilik kalitate handiko telesailak»

Zinema eta telebistako hainbat proiekturen ekoizpenean buru-belarri dabil Zuazua, tartean 'Aundiya' filmean. Movistar+en 'La Zona' telesaila aurkeztu du asteon, Jorge eta Alberto Sanchez Cabezudorekin batera.

BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2016ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Kowalski Films etxea sortu, eta film laburrak ekoizten hasi zen Koldo Zuazua (Donostia, 1971). Telebistarako ekoitzi dituen lanen artean dago Olivier Masset-Depasse zuzendariaren Sanctuaire telefilma (Canal+).

Martxora arte ez dira hasiko La Zona telesailaren grabaketak. Anbizio handiko proiektua ematen du, ezta?

Proiektu anbiziotsua da, baina estatuko ekoizpenek dituzten mugen barne. Istorioak osagai naturalista asko ditu, eta oso presente daude kostunbrismoa eta gaur egungo errealitatea. Gidoiak oso landuak daude. Movistar+en helburua da kalitatea lehenestea, ikus-entzuleen beharren gainetik. Denbora izango dugu emaitza zaintzeko.

Nola sartu zara zu proiektuan?

Jorge eta Alberto Sanchez Cabezudo zuzendariak duela sei urtetik ezagutzen ditut, elkarrekin Crematorio telesaila egin genuenetik. Hura amaituta sortu zitzaien La Zona egiteko ideia, eta,hainbat ekoizpen etxe eta kateri eskaini ostean, Movistar+ek azaldu du interesa. Proiektuagaratzea onartu ostean, Juan Morenori eta niri deitu ziguten ekoizpenean parte hartzeko. Crematorio-ko lan eskemak errepikatuko ditugu. Orduko lan sistemekin aritu nahi dugu. Abenturan, beraz, ez gara hutsetik hasiko.

La Zona-ko aktore protagonista Eduard Fernandez kataluniarra izango da, aurretik telebistan aritu gabekoa.

Poza ematen du Fernandez telesailan aritzeak. Eskaintza egin genionean suharki eman zuen baietza. Iruditzen zaigu sekulako lana egin dezakeela.

Non egingo dira grabaketak?

Dekoratuak benetako lokalizazioak izango dira, bai kanpokoak bai barnekoak. Asturiasen, Euskal Herrian eta beste toki batzuetan egingo ditugu grabaketak, udaberritik aurrera.

Hondamendi nuklearraren osteko giroa nagusituko da. Zientzia-fikziokoa izango da?

Ez, ez da zientzia-fikziokoa izango. Generoak thriller-a, poliziakoa eta drama izango dira. Trama asko hondamendi nuklearretan benetan gertatutakoetan daude oinarrituta. Aurkitu dugun materialak denboraldi dezentetarako ematen du.

Zein beste lanekin zabiltza?

Hilaren 29an, Zipy y Zape y la isla del capitán filma estreinatuko dugu —zuzendaria Santurtziko Oskar Santos da—. Euskaraz eta gaztelaniaz ikusiko da aretoetan. Abuztuaren 26an, ekoitzi dugun beste film bat estreinatuko dute: Cuerpo de Élite. Irailean Fernando Francoren —La herida— film berria grabatzen hasiko gara. Jon Garañoren eta Aitor Arregiren Aundiya filmaren ekoizpenean ere parte hartzen dut.

Iaz Alejandro Amenabarrekin lan egin ondoren, munduan zehar bidaiatzen duten filmekin lan egiteko gogoz zaude?

Nahiago dut etxetik gertu lan egin. Oso interesgarria iruditzen zait Euskal Herrian ditugun baliabideak eta talentua garatzea. Erronka bat da hori, eta helburutzat jo dezakegu Euskal Herrian gero eta ekoizpen gehiago egin ahal izatea.

Euskarazko fikzioa telebistan, aldiz, urri dabil.

Egoera zaila da. Kalitate handiko telesailak, zoritxarrez, soilik ordainezko kateetan egin daitezke. Kate generalistak ikusle datuen arabera aritzen dira, eta ez dute arriskatzen. Euskarazko fikzioaren mugen artean dago ikusle potentziala oso txikia dela. Zail ikusten dut kanpoko finantzaketa lortzea telebistako fikzioa euskaraz egiteko. Soilik ETBren baliabide ekonomikoak daude, eta ez dira nahikoa maila lehiakorrean ekoizteko.

Etorkizunari begira, zer proiektu gustatuko litzaizuke garatzea orain arte egin ez duzuna?

Ez dut denborarik amesten ibiltzeko, kontu gehiegitan batera nabilelako. Dudan helburu bakarra da proiektu bakoitza hobea egiten saiatzea. Txikitan, filmak egitearekin amesten nuen. Lortu dut hori, eta, orain, ahalik eta onenak egiten ahalegindu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.