Euskal Herrian inoiz egon gabe eta euskal arbasoak dituzten hainbat lagunen bilaketa jasoko du Origen saioak ostegun honetatik aurrera ETB2 katean (22:30). Protagonistek haien arbasoak Euskal Herritik nola eta zergatik irten ziren ikertuko dute programako kideekin batera, eta bilaketa hori izango da saioaren ardatza.
Maite Ibañez saioko zuzendariak azaldu duenez, Todos los apellidos vascos-en bigarren denboraldia amaitu zutenean piztu zen Origen-en ideia: «Euskal diasporarekin zer gertatzen zen jakin nahi genuen. Kontatu nahi genuen zergatik joan ziren bere garaian hainbeste herritar Euskal Herritik». Olga Zabalgogeaskoak —Todos los apellidos vascos-eko aurkezlea— aurkeztuko du saio berria.
Origen-eko protagonistek duten beste ezaugarrietako bat da euskal nortasunarekin loturaren bat izatea. «Hau da, euskal kulturarekiko sentimenduren bat izatea haien bizitzetan», adierazi du Ibañezek.
Protagonistak aurkitzeko, euskal etxeen eta Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Sailaren laguntza nabarmendu ditu saioko zuzendariak: «Diasporako jende asko jarri da gurekin harremanetan, asko baitira interesa dutenak jakiteko zein izan ziren beren arbasoak eta zergatik joan ziren Euskal Herritik. Beraz, hautaketa lana zaila izan da».
Origen-en protagonistak Euskal Herrira iritsiko dira, pistaren bat emango dute, eta saioko kideekin batera artxiboetara, liburutegietara eta erregistroetara joango dira, ikerketa «lehen pertsonan» eginez. Alberto Santanak historiarekin lotutako ikuspuntua emango du. Oscar Alvarez Gilak —Amerikako historiako irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean— sare bat du egina Ameriketan eta Europako beste herrialde batzuetan, eta haren bilaketa eta ikerketa lana programarentzat «sekulakoa» izaten ari dela azpimarratu du Ibañezek.
Juan Martin Guevara
Origen saioko lehen protagonista Juan Martin Guevara (Cordoba, Argentina, 1943) izango da, Che Guevararen anaia; martxoan izan zen Euskal Herrian. Haren aitak eta amak euskal jatorriko arbasoak zituzten, eta arbaso horietatik ezagutzen den zaharrenaren etxea bisitatu zuten ETBko grabaketetan. Guevarak osteguneko saioan aitaz, amaz eta anaiez hitz egingo du. Arabako Gebara herria (Araba) bisitatuko du, bai eta Bizkaiko eta Gipuzkoako beste zenbait herri ere, arbasoen lorratzaren atzetik.
Datozen asteetan ETB2ko saioan azalduko diren protagonisten artean Edurado Strauch Urioste (Montevideo, Uruguai, 1947) dago. Hark bizitako gertakizun tragikoa liburuetara eta zinemara eraman dute: 1972ko urriaren 12an, hegazkin bat Montevideotik atera zen, Santiagora (Txile) bidean. 45 lagun ari ziren hegazkinean bidaiatzen, tartean errugbi talde bateko jokalari gazteak. Hegazkinak istripua izan zuen Andeetan, 3.000 metrora. Elurretan 72 egunez bereak eta bi pasatu ostean, bizirik atera zirenetako bat da Strauch Urioste.
«Euskal diasporan aurkitu dugun pertsonaia hauek beren bizitokian zer egiten duten ere jakin nahi dugu», azaldu du saioko zuzendariak. «Euskaldunetik zer duten ere kontatuko digute».
Guillermo Amutxastegi Mexikotik iritsiko da Euskal Herrira. Haren aitonak iraultza ekarri zuen zestan 1930eko hamarkadan; Mariana D'Oraziok haren birramona 1914an Euskal Herritik Buenos Airesera zergatik joan zen ikertuko du: Pilar Garcia Gurtubai Mexikoko Behe Kalifornian bizi da, eta haren familia 1936ko gerra piztu zenean joan zen Mexikora; German Martitegi sukaldariaren birraitona-birramonak Gernikakoak (Bizkaia) ziren, eta ezustekoak aurkituko ditu han.
'Origen' saioa ostegunean hasiko da ETB2n, Che Guevararen anaiarekin
'Todos los apellidos vascos'-en taldeak egingo du. Protagonistak arbasoen ikerketan ariko dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu