Crossoverreko zuzendaria

Patxi Presa: «Oso baikorra naiz Crossover jaialdiaren etorkizunaz»

Donostiako Crossover telesailen jaialdiko zuzendaria izan da sorreratik Patxi Presa. Gaurtik larunbatera bitartean, askotariko ekitaldiak izango dira jaialdian.

Patxi Presa, Crossover jaialdiko zuzendaria. JON URBE / FOKU
Patxi Presa, Crossover jaialdiko zuzendaria. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2024ko apirilaren 22a
05:00
Entzun

Geografia eta Historiako lizentziaduna da Patxi Presa (Donostia, 1966). Donostiako Koldo Mitxelena kulturunearen zuzendaria da. Crossover jaialdiaren sortzaileetako bat da, eta egitasmoaren kide direnen talde lana nabarmendu du.

Zazpigarren aldira iritsi da Crossover. Bete al dira duela zazpi urte zenituzten espektatibak?

Bai. Jaialdia soilik Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak finantzatzen du, eta horrek baliabideak mugatuak izatea dakar. Baina handituz joan garela uste dut, eta jaialdiak halaxe jarraitzen du, pixkanaka-pixkanaka. Jaialdien panoraman ere sendotu egin da Crossover. Netflix izan ezik, gainontzeko plataformek lan egiten dute gurekin; dena dela, Netflixekin ere harremanetan gaude. Ez da ibilbide erraza izan, baina iaz jauzi polita egin genuen.

Robin Greenekin hasi duzue jaialdia, munduko izar batekin. Urtero halakoak lortzea ez da erraza, ezta?

Ez, oso-oso zaila da. Green etorri da arrazoi bategatik: Last Tourrekoek Liburuak argitaletxea sortu dute, eta haiek [Donostiako] Tabakalerako zinema eskolakoekin harremanetan jarri ziren; Green bira bat egiten ari da, La única chica [Neska bakarra] liburua aurkezten, eta lortu dugu Donostiara etortzea. Donostiako Zinemaldiaren laguntza ona da guretzat, eta akaso etorriko dira nazioarteko izar gehiago etorkizunean.

Crossoverrek badu arazo fisiko bat aurten: Koldo Mitxelena kulturunea itxita dagoela.

Ez dut ukatuko egoitza aldatzea eragozpen bat ez dela. Baina jendea poliki-poliki Santa Teresa komentuaren gunea [Parte Zaharra] ezagutzen ari da. Zinemagileen elkarrizketak han bertan egiten ari gara. Gune ikusgarria da Santa Teresa, eta ea lortzen dugun jendearen arreta erakartzea.

Lau telesailen emanaldiak, berriz, Tabakaleran egingo dituzue.

Tabakaleraren lankidetza ezinbestekoa izan da urte hauetan. Estreinaldiak Tabakalerako zinema aretoan egiten ditugu, baina, horrez gain, harreman oso ona dugu. Erakundeen arteko lankidetzaren adibide ona gara Koldo Mitxelena kulturunea eta Tabakalera.

Jaialdiaren lehen urteetan, ekitaldi bakarra izaten zen euskaraz; aurten, bederatzi izango dira. Nolakoa izan da hazkunde hori?

Jaialdia programazio eta baliabide mugatuekin hasi zen. Baina jaialdia gero eta handiagoa da, eta modu naturalean egokitzen da dauden ekoizpenetara. Euskarazko ekoizpenari arreta jartzen diogu, eta euskarazko lanen ikusgarritasuna ezinbestekoa da guretzat. Gaur bertan, Primeran plataformaren solasaldi bat izango da [Santa Teresa komentuan, 18:30ean; sarrera doakoa da].

Donostiara etortzen diren streaming plataformak pozik daude, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Oso ondo tratatzen dugu jendea, eta hori barneratuta daukat. Arreta pertsonalizatua da, eta hiria bere kabuz saltzen da.

Duela zazpi urte telesailen kontsumoaren boomaz hitz egiten zen. Boom hori ez da txikiagotu. Zein da egun telesailen fenomenoaren egoera?

Irudipena da gero eta telesail gehiago ekoizten direla. Telesailak kulturaren eremuan sendotu egin dira, baina merkatuarekiko mendekotasuna gero eta handiagoa da. Egun, formatua aldatu egin da, eta atal gutxiko telesailen aroan gaude. Asko kontsumitzen dira telesail horiek, eta ez dute kontratu luzerik exijitzen. Baina merkatua arautu egin beharko da: ez dago tokirik hainbeste plataformarentzat eta hainbeste telesailentzat. Auskalo nola egokituko den hori.

Urtarrilean Cristobal Balenciaga-ren aurrestreinaldia antolatu zenuten. Aukerarik egon daiteke urte osoan halako ekitaldi gehiago antolatzeko?

Baliabide kontuak daude tartean, baina aukera hori lantzen ari gara. Proposamen bat badugu esku artean.

Erakunde gehiago sar al daitezke jaialdiaren finantzaketan?

Nahiko zaila da. Zinema eskolaren proiektua ere soilik Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak finantzatzen du. Erakunde arteko kolaborazioak batzuetan zailak dira.

Lau telesail pantaila handian ikusi ahalko dira aurten. Baina euskarazko azpidatzirik edo audiorik ez dute izango. Aldatuko al da hori etorkizunean?

Gu adi gaude euskaraz ekoizten den guztiari. Baina errealitatea islatzen duen jaialdia gara. Espero dut Primeran plataformarekin ibilbide indartsua egitea aurrerantzean. Etorkizunean gure lanak izan behar du Primeran-ekin eskutik joatea, eta, alde horretatik, estreinaldi batzuk euskaraz egin ahalko ditugu. Ni oso baikorra naiz Crossoverren etorkizunaz. Jaialdi gero eta sendoagoa dugu. Ibilbide luze eta lasaia izango da, edonola ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.