Abenduan zazpi urte beteko dira Ane Azkue (Bilbo, 1985) Hamaika telebistan lanean hasi zenetik. Askotariko saioak aurkeztu ditu.
Nola sortu da Zaindu zaitez osasun saioa egiteko ideia?
Hamaika telebistak hainbat saio berrirekin ekin zion kurtso berriari, eta horietako bat osasun kontuak lantzen dituen Zaindu zaitez dugu. Egia da Hamaikan osasunak inoiz ez duela tarte berezia eta berezitua izan, eta bazen ordua. Gainera, uste dut osasunari lotutako kontu batzuk modan daudela gaur egun, elikadurari dagozkionak, adibidez. Kontsumo taldeak, otzarak, behi esnea hartu beharrean oloa hartzen duen jendea... Horrelako kontuak sarri ikusten dira. Norberak bere burua zaintzeko joera handiagoa da gaur egun orain dela urte batzuk baino.
Zein da saioaren egitura?
Saioa hiru atal handitan banatuta dago: lehenengo biak kolaborazio formatuan lantzen ditugu, eta hirugarren atalean gai jakin bat lantzen dugu. Orain arte, era guztietako gaiak landu ditugu. Gure kolaboratzaileak Inazio Gonzalo apiterapeuta, Juan del Arco farmazialaria, Nagore Enciso eta Nerea Segura dietistak eta Idoia Agirre haur psikiatra izan dira. Landu ditugun gaiak ere askotarikoak izan dira. Lehenengo saioan, adibidez, Garbiñe Biurrun epaileak kontatu zigun osasuna oinarrizko eskubidea izanda ere gurean askotan urratzen dela. Baina bulba duten mutilek eta zakila duten neskek dituzten arazoen inguruan ere hitz egin dugu, baita txertoen inguruan dagoen polemikaren inguruan ere. Hori izan daiteke saioak duen ezaugarri nagusia: aniztasuna.
Osasunaren ertz ezberdinak lantzen dituzue, ez bakarrik medikuntza tradizionala. Ezjakintasun handia dago osasunarekin lotutako alternatiben inguruan?
Topiko asko daude. Topiko guztiekin gertatzen den bezala, batzuen atzean egia borobilak gordetzen dira, eta beste batzuen atzean, gezur handiak. Bizitzako arlo gehientsuetan gertatzen den bezala, erdibidea topatzea izan daiteke honetan ere gakoa. Medikuntza tradizionala behar da, bai, noski, baina baita bestelako alternatibak ere. Dena den, bai lehen kasuan bai bigarrenean, garrantzitsua da profesional trebatuen aholkuei men egitea.
Horrelako saioen bitartez zerbitzu publikoa ematen duzuela esan daiteke?
Ez dakit definizio hori zuzena den ala ez. Informazioa ematen dugu, eta aholkuak ere ematen ditugu. Hortik aurrera, bakoitzak jakingo du zer egiten duen jasotzen dituen aholku eta informazio horiekin.
Ez al dira komunikabideetan maizegi oso arin lantzen osasunarekin lotutako gaiak, gaiak sakonean landu gabe?
Osasunaren inguruko edozein gaik gaitasun handia izan ohi du gizartean alarma, argi gorria eta bestelako guztiak pizteko. Oso alarmistak izaten dira hedabideetan osasunari lotuta zabaltzen diren informazioak. Iaz argi ikusi genuen ebolarekin. Ez dut esan nahi ebolaren kontuak garrantzirik ez zuenik, baina, egunkariak irakurri, eta ematen zuen denok kutsatuko ginela. Dena dela, ez dut uste hori hedabideen arazoa denik bakarrik. Gaur egun, askotan titularrak baino ez ditugu irakurtzen, eta, hitz larriak irakurrita, gure ondorioak ateratzen ditugu. Horri auzokoak esandakoa eta supermerkatuan entzundakoa gehitzen badiogu, ba, oso urduri jartzen gara osasunaren inguruko albiste guztiekin.
Ikuslea harrapatzeko ez da txolinkeriekin ibili beharrik, ezta?
Ez gara horren zaleak, eta ez horrenbeste ikusleagatik, baizik elkarrizketatu dugun pertsonari errespetua zor diogulako. Euskarazko hedabide batean lan egiten duen edonork badaki zenbateko lana eskatzen duen elkarrizketatuak lortzeak. Saio honetan elkarrizketatu ditugun profesionalek tartea egin digute, eta ahalik eta ondoena azaldu digute gai jakin horren inguruan dakitena. Hori asko eskertu behar dugu.
Aukera bazenu, zer saio mota egingo zenuke?
Gustura nabil orain. Baina azkenaldian dekorazioaz aritzen diren blogak sarri irakurtzen ditut.
Ane Azkue. Hamaika telebistako aurkezlea
«Oso urduri jartzen gara osasunaren inguruko albiste guztiekin»
Osasunaren inguruko 'Zaindu zaitez' saioa aurkezten eta zuzentzen du Azkuek Hamaikan, asteazkenero (21:00). Bihar, 'Harremanak.eus' atariko kideekin hitz egingo du, eta Hegalak kirol zentrora joango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu