Komunikazioa

Pagola: «Gure ahotsa entzunaraztea da herritarron konpromisoa»

Deustuko irakaslearen arabera, teknologia berriek «nahasmena eta kataklismoa» ekarri dute komunikaziora

Juan Pagola irakasleak hitzaldia eman zuen astelehenean Donostiako Gentza etxean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
«Komunikazioa ez dago unerik onenean. Baina badira bideak indarrean den eredua eraldatzeko. Eta bide horietako batzuk gure esku daude. Herritarrok ahalmena dugu gertatzen ari diren gehiegikeria moralak salatzeko eta bestelako eredu bat eratzeko, gizatiarragoa eta bidezkoagoa». Hori sinetsita dago Juan Pagola Deustuko Unibertsitateko irakaslea, baina aitortzen du herritarrek denbora eta indar handia jarri behar dutela eredua aldatzeko. Komunikabideen etikaz hitzaldi bat eman zuen irakasleak astelehen arratsaldean Donostiako Gentza etxean. Komunikazio gizatiarragoa lortzeko etika izenburua jarri zion hizketaldiari.

Gaur egun komunikazioak dena hartzen du, Pagolaren arabera: gure erosketak, gustuak, aisialdia, lana, sentimenduak, harremanak... «Komunikazioa jarduera garrantzitsuenetako bat da gure gizarte postmoderno eta globalizatuetan». Eta postmodernitatearen zantzuen artean dago mass mediek ematen dituzten edukien arinkeria. Horrez gain, «boterea gutxi batzuen esku geratu da, mezu bakarra nagusitzen da, eta komunikatzeko gai diren ahots askoren adierazpen askatasuna itota geratzen da».

Kontuan hartu beharrekoa da, halaber, krisi ekonomikoak «tximista batek bezala» jo duela sisteman. «Komunikazioaren sektorea erabateko iraultza izaten ari da azken urteotan, eta iraultza hori krisi moduan gorpuzten ari da». Aldaketetan Internetek eta teknologia berriek eragin handia izan dute, «nahasmena eta kataklismoa» ekarriz. Krisiaren ondorioz, gainera, informazioaren arloko milaka profesional kaleratu dituzte komunikabideek.

Komunikabideen mezuei dagokienez, hainbat ezaugarri azpimarratu ditu Deustuko Unibertsitateko irakasleak: «Errealitatea sinplifikatzea da gaur egun jasaten ari garen informazio eredua hobekien laburtzen duen kontzeptua. Informazio hori irudiz lagunduta datorrenean, orduan baino ez da garrantzitsua. Informazio eta aisialdi saioetako edukietan, berriz, emozioak kudeatzea da mezuaren puzzlea osatzen duten beste piezetako bat». Metodo horiek erabiltzearen poderioz pixkanaka-pixkanaka gizartea lokartzen ari dela uste du Pagolak.

Hutsune etikoak

Hutsune etiko handienak lau eremutan atzematen ditu Pagolak. «Komunikazioaren gaur egungo egoeran, ahulen dauden alderdietako bat egia bilatzeko ahalegina da», batetik. Bestetik, komunikabideek «erantzukizun soziala alde batera utzi dute». Nolanahi ere, erantzukizuna eragile askorena da. «Pribatutasuna errespetatzeko eta gordetzeko eremuan ere etika aldetik utzikeria handi samarra sumatzen da egun». Alderdi publikoaren alorrean, komunikazioak hiru ideia biltzen ditu berez: zerbitzu bat izatea, kontratastua eta egiaztatua izatea eta hartzaile unibertsalarengana bideratzea. «Hiru ideia horiek egun ez dira betetzen ari».

Komunikazio gizatiarrago bat lortzeko ahalegina egitea premiazkotzat jotzen du Pagolak: «Pertsonaren duintasuna errespetatu eta gordeko bada, komunikazio ariketa aktibo bat da premiazko: pertsona bakoitza eta guztiak gogoan izatea. Haien eskubide bakar bat ere ez da urratu behar eta haien nortasuna eta ingurunea errespetatu behar dira. Komunikazio arloko eragileen eta komunikabideen konpromisoak, komunikabideetako profesionalenak eta herritarrenak bereizi ditu Pagolak. Herritarrei dagokienez, «iritzi publikoak ahalmena du alderatzeko eta hautatzeko». Hortaz, «gure konpromisoa da gure ahotsa entzunaraztea, ereduan partaide garela sentitzea eta gizarteratzeko bideak ugariago izateko bultzada ematea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.