Komunikazioa. Jone Guenetxea. 'Anboto' astekariko zuzendaria

«Parte hartzea bultzatzeak oso gertuko egin du 'Anboto'»

Orain 11 urte jaio zen 'Anboto' astekaria, eta bihar 500. zenbakia kaleratuko dute. Hori ospatzeko, egun osoko jaialdia antolatuko dute larunbatean.

ANBOTO.
Adrian Garcia.
2013ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Izen bereko mendilerroarekin gertatzen den antzera, Durangaldeko herritarrek Anboto astekaria beren sentitzen dute. Irakurleekiko gertutasun horri esker lortuko dute bihar 500. zenbakia argitaratzea. «Berezia» izango dela dio Jone Guenetxea (Abadiño, Bizkaia, 1978) Anboto-ko zuzendariak. 2002ko azaroaren 16an lehen zenbakia kaleratu zutenetik ostiralero-ostiralero eskualdeko gertaeren berri ematen dute. 9.600 harpidedunek jasotzen dute astekaria etxean. Astekaria ez ezik, orainkaria ere bada, Anboto.org webgunean eta sare sozialetan ikus baitaiteke haien jarduna.

500. zenbakia kaleratuko duzue bihar. Nolakoa izango da?

Zenbaki berezia izango da, moldatuta joango da Anboto, bai azalean, bai barruan. Lehenengo zatia 500. aleari buruzko atala izango da. Anboto-ren inguruan dagoen jendearen eta Durangaldeko jende ezagunaren adierazpenak jaso ditugu astekariari babesa ematen. Lehenengo Anboto-tik hona hainbat titulu berreskuratu ditugu; azken batean, Durangaldeko historiari begiratua egin ahal zaio astekariarekin. Jaialdiaren inguruko albisteak sakon landuko ditugu.

500x zuleloa erabili duzue. Zer adierazi nahi izan duzue horrekin?

Zu zara Anboto da gure leloa, eta, 500. zenbakia dela eta, Igor Elortza bertsolariari —gure zuzentzailea izan da hainbat urtetan— lelo berezi bat eskatu genion. Irakurleei esker lortu dugunez 500 zenbaki argitaratzea, 500 x zu da aldi berezi honetarako erabiliko dugun leloa.

Zein helbururekin jaio zen Anboto?

Helburu batekin baino gehiagorekin jaio zen. Berbaro euskara elkartetik sortu zen orain 11 urte, euskara bultzatzeko eta euskararen normalizazioan eragiteko. Horrez gain, komunikabide bat izaki, edozein hedabidek dituen helburuak ere baditu: komunikatu, entretenitu... modu duin batean eta kalitateko produktu bat aterata. Irizpide bati jarraitu diogu helburu horiek lortzeko: elkarlana. Anboto ez da hamabi laguneko lantalde bat; irakurtzen duten lagunek, kolaboratzaile sare zabal batek, astero euren ekitaldiak eta kezkak bidaltzen dizkiguten herritarrek, elkarteek, banatzaileek... osatzen dute. Anboto oso zabala da.

Nola uztartzen dituzue bizkaiera eta euskara batua?

Orain dela urte batzuk hausnarketa bat egin zen Anboto-ko euskara ereduen artean. Kontuan hartuta, gazteek gero eta gehiago irakurtzen dutela Anboto eta geroz eta euskarazko alfabetatu gehiago daudela, dena euskara batuaz idaztea erabaki zen. Bertakotutako batua da; bertakoformak gordetzen ditu, baina euskara batua da. Hasierako urteetan, atal batzuk bizkaieraz eta beste batzuk batuaz idazten genituen.

Zeintzuk izan dira, zure ustez, Anboto-ren zabalkundearen gakoak?

Irakurleak esan beharko luke zergatik gustatzen zaion. Gaiak euskaraz landu behar direla sinistu dugu beti, baina jendeak ez du Anboto irakurri behar soilik euskaraz delako. Gure asmoa beti izan da kalitatezko hedabide bat kaleratzea, mundu guztiak parte hartzeko lekua izango duena. 500. zenbakiaren bueltan ekitaldiak antolatzeko jendearen laguntza eskatu dugunean ikusi dugu jendeak Anboto-rekiko jarrera oso ona daukala, eta bere sentitzen dutela. Jendearen parte hartzea bultzatzeak Anboto oso gertuko sentitzea egin du. Nire ustez, hori izan da aurrera egiteko gakoetako bat.

Irakurleari aukera ematen diezue astekarian parte hartzeko.

Arrakasta handiena duen ataletako bat iritzi gutunena da. Eskualdeko norbaitek iritzi, kexa edo zerbait adierazi nahi badu, hor idatz dezake. Astero, lau kolaboratzailek lau zutabe idazten dituzte. Guztira, 40 bat lagunek kolaboratzen dute. Eskualdeko hainbat elkartek eta eragilek zerbait antolatzen edo zerbaiten berri eman nahi dutenean gurekin harremanetan jartzen dira.

Erdal hiztunak Anboto-ra gerturatzea lortu al duzue?

Nahiko bitxia da, baina Aztikerreko ikerketa egin genuenean euskara askorik ez zekien jendeak ere Anboto jasotzen zuela jakin genuen. Agian, sakonean ez dute irakurriko, baina bai tituluak, argazkiak, elkarrizketatuak nortzuk diren ikusten dute. Harritu eta asko poztu gintuen horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.