Edurne Pasaban euskal mendizalea izango da protagonista nagusia gaur hasiko den Al filo de lo imposible saioaren denboraldi berrian. La2 katean igandero, 21:00etan, Pasabanek Annapurna eta Shisha Pangma mendietan egindako igoerak ikusi ahalko dira. Halaber, TVEren goi bereizmeneko kateak ere emitituko ditu dokumentalak ordu berean Izan ere, HDn eta 5.1 kalitateko soinuan grabatu zituzten zeharkaldien dokumentalak.
Aipatutako bi igoeren ostean lortu zuen mendizale gipuzkoarrak 14 zortzimilakoen marka lortzea eta hori lortu zuen munduko aurreneko emakumea bihurtzea. Al filo de lo imposible-ko dokumentaletan Pasabanekin lehian aritu diren Oh Eun Sun korearra eta Gerlinde Kaltenbrunner austriarra gertutik ezagutzeko aukera izango da.
2009ko udazkenera eramango gaitu gaur gaueko dokumentalak. Pasabanek ez zuen lortu Shisha Pangmako gailurrera iristea, eguraldi txarraren erruz. Kolpe horri buelta eman, eta Annapurnan pentsatzen hasiko da. Datorren igandean Camino imposible atala emango dute; Annapurnako igoeraren hasiera ikusi ahalko da bertan. Hirugarren dokumentalean, Oh Eun Sun eta Gerlinde Kaltenbrunner elkarrizketatuko dituzte. Laugarren atalean, Annapurnako gailurraren irudiekin gozatu ahalko da. Bosgarren eta azkenekoa, berriz, Shisha Pangmaren igoerari eskainiko diote.
Beste bi atal Cho Oyun
Edurne Pasabanen bost dokumentalen ostean, Al filo de lo imposible-ren denboraldiak beste bi atal izango ditu. Horietan elbarritasun maila ezberdina duten hiru mendizalek Cho Oyu mendira (8.201 metro) egindako igoera ikusi ahalko da. Miguel A. Gavilan, Valentin Ruiz eta Ricardo Garcia Ruiz dira hiru protagonistak. Montañas sin Barreras elkarteak antolatutako espedizio horretarako hainbat urtez egon dira prestatzen hiru mendizaleak.
Al filo-ren hurrengo atalek espezialisten lanean sakonduko dute.
Komunikazioa
Pasabanen azken zortzimilakoak gaurtik 'Al filo de lo imposible' saioan
Bost dokumentaletan mendizaleak Annapurnan eta Shisha Pangman bizitakoa ikusi ahalko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu