Euskal Herritik kanpo bizi direnek —eta euskal herritar batzuek ere bai ziur asko— Zuberoan uda oroz eman ohi den pastorala nola paratzen den, nolako giroan, irrialdiak eta tentsio uneak, poztasunak eta atsekabeak, hots, agerraldi egunetan ikusten ez diren pasadizo horietatik zenbait bizi ahal izango dituzte gaur, France 3 telebista kateari begiratuz, ezen 15:25ean Jour de pastorale (Pastoral egun) dokumentala plazaratuko baitu Frantziako hirugarren kate publikoaren Akitaniako ordezkaritzak.
Jean-Philippe Clarac eta Olivier Deloeilek, 52 minutuko dokumental honetan, pastoral baten paratzeak herri bateko bizilagunak nola biltzen eta elkarlanean mugiarazten dituen erakustera eman nahi zieten Akitania osoko teleikusleei. Horretarako, Barkoxe herriak iaz eman zuen Xahakoa tragediaren —hori da pastoralaren izen zaharra— abagunean, hilabete luzeetan kamerak ekarri dituzte Zuberoako herri honetara, trebaldiak irudietan hartzeko, arlo bakoitzeko arduradunak mintzarazteko, giro berezi batez nola edo hala jabetzeko. Azkenean, hilabete askotako lan eskergaren emaitza bera ere agerira ekarri nahi izan dute, lehen agerraldiko zati batzuk filmatuz. Dokumental honetan, beraz, pastorala gaur egun zer den eta nola antolatzen den azaltzen dute Patrick Keheille Kanpo-k —hark idatzi du Xahakoa—, Jean-Fabien Lexardoi errenjentak, Catherine Artzanütürri ballet zuzendariak, Sophie Larrandaburu kantarien trebatzaileak, Nicole Erbinartegarai jantzi egileen arduradunak. Azpimarratzekoa da lagun horiek guztiak Barkoxeko seme-alabak direla, eta horrek berak nabarian uzten du herriak giza baliabideak oro badituela.
Tragediak, misteriorik ez
Irudien artean, pastoralaz argibideak ematen ditu, berriz, Helene Etxekopar-Etxartek —tragediaren bilakaerak sakon aztertu ditu—. Hark ematen dituen azalpenak guztiz baliagarri dira tragedia Zuberoan soilik nola geratu eta biziberritu den ulertzeko. Pastoralak aztertu izan dituzten beste batzuek eginiko huts berak egiten ditu, baina, hala nola esaten duelarik pastoralak Erdi Aroko misterioak ikusgarrien jarraitzaile direla. Hori oker da, zeren tragedia baita —izenak berak agertzen duenez— antzinako Greziako tragedien ildoko antzerki kantatu eta dantzatu bat. Egia da, aldiz, garai batean tragediak sainduen bizia goraipatu zituela, misterioen antzera.
Uste oker hori eta besterik Georges Herelle frantses etnologoak (1848-1935) eginiko interpretazioetatik datoz. Herelleren hankasartze handiena izan zen, haatik,Zuberoako pastoralak XX. mendean berea egingo zuela iragartzea. Badakigu zer izan den... azken 50 urteotan urrezko aroa bizi baitu etengabe zaharberritu den herri antzerki honek. Etxekopar-Etxartek, haatik, arrazoi osoz nabarmendu du euskararen gainbeherak kolokan jar lezakeela pastoralaren etorkizuna.
France 3 Akitaniako ikusleek ikusiko duten dokumentala Barkoxeko herritarrek aurrez ikusi zuten joan den ostiralean. Elizan eman zuten, eta Xahakoa pastoralaren azken kantua emanez amaitu zen emanaldia.
Komunikazioa
Pastoral baten paratze giroa agertuko dute France 3 Akitaniaren film batean
'Xahakoa' iazko tragedia segituz, 'Jour de pastorale' dokumentala egin dute; gaur emango dute, 15:25ean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu