Pausoz pauso irratiko sareetan

Lau lagunek osatzen dute Euskadi Irratiko sare sozialetako lantaldea. Eduki bakoitzaren arabera erabakitzen dute zer egin eta zer sareratu.

Euskadi Irratiko sare sozialak. EITB
Euskadi Irratiko sare sozialak. EITB
urtzi urkizu
Donostia
2025eko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Joanak dira garai haiek, zeinetan Euskadi Irratiko saio baten esteka zabaltzen zen Twitterren, eta kito. Gaur egun, Euskadi Irratiak lantalde propio bat du Interneteko sare sozialetarako edukiak sortzeko. Askotariko bideoak zabaltzen dituzte Instagramen, Facebooken, X-n, Youtuben eta Tiktoken. Hartzaileen aldetik erantzun ona dute, gainera. Azkeneko bi urteetan asko hobetu dira irratiak sareei dagokienez dituen datuak.

Garazi Urdanpilleta, Unai Iradi, Amaia Eneterreaga eta Eneritz Aulestia dira lantaldeko kideak. Duela bi urte eta erdi hasi ziren sare sozialen funtzionamendu berriarekin. «Aurretik Euskadi Irratiak bazituen sareak, baina webeko edukiak sareratzeko modu bat ziren», azaldu du Urdanpilletak. «Ikusi zen pauso bat aurrerago jo eta eduki bereziagoak egin beharra zegoela. Edo irratian egiten ziren edukiak beste erakusleiho batean jarri behar zirela, edo beste modu batean erakutsi». Hartzaile gehiagorengana iristeko modu bat izan da. «Ohiko irrati entzuleak diren horiengana iristea da helburuetako bat». Bide bat hasi zuten, saiakerak egiten. «Hutsegiteak non ziren ikusiz, eta zerk funtzionatzen zuen eta zerk ez begiratuz».

Euskadi Irratiko hainbat elkarrizketaren zatiak bideo formatuan zabaltzen dira sareetan. Iradik azaldu duenez, elkarrizketa asko egiten dira irratian. «Interesgarriak dira haietako asko hasiera batean irrati entzuleak ez direnentzat. Iruditu zitzaigun amu moduko batzuk jar genitzakeela sareetan; bideoak sareetan jartzen ditugunean, irratiko elkarrizketa osoaren esteka jartzen dugu, eta ikusleak aukera du irratian eman bezala bere horretan entzuteko». Horrek baditu onurak. «Amu moduko bat izatea lortu nahi zen, irratiko entzuleak direnentzat edo ez direnentzat, jakin dezaten irratian badela aukera eduki horiek jasotzeko». Urdanpilletak uste du, halaber, hori badela modu bat jende gaztearengana iristeko. «Euskadi Irratiaren marka sareetan zabalduz, gazteengana iritsi eta haiek ere noizbait irratiko entzule bihurtuko balira, primeran». Eta hori «sareetako hizkuntza erabiliz» egiten ari direla nabarmendu du Iradik.

Euskadi Irratiko sare sozialak
Euskadi Irratiko elkarrizketa bat. EITB

Elkarrizketen bideo zati batzuek sekulako oihartzuna izan dute. Kasurako, Mamadou Sarr Diameri egin zioten elkarrizketaren bideoak milioi bat ikustaldi baino gehiago izan zituen Euskadi Irratiko sare sozial guztiak batuta. Hori izan da sare sozialetan zabalkunderik handiena izan duen bideoa.

Bideo propioak

Badira, bestalde, sare batzuetarako lantalde horrek propio sortu, grabatu eta editatzen dituen bideoak. Eneterreagak azaldu du horrek bere lana eskatzen duela: «Prozesu oso bat dago hor. Dokumentaziotik hasi, eta iragazkia pasatu behar da. Eta sareetako hizkuntzara egokitu. Sareetan zabaltzen dituzten bideoek badute oinarri bat, bai denboran, bai editatzeko moduan...». Pil-pilean dauden gaiak hartu, eta «entretenimendutik gertu» egon daitekeen modura eramaten dituzte. Minutu eta segundo gutxiko bideoa dela aintzat hartuta, betiere. Bi kamerarekin grabatzen dituzte bideo horiek. «Bidean ikasten ari gara, eta aurrera egiten saiatzen», kontatu du Eneterreagak. Bideo horiei, gainera, sticker eta efektu batzuk gaineratzen dizkiote. Halako bideoen adibide bat duela egun gutxi zabaldu dute: Eneterreagak aita santu berria aukeratzeko prozesuaren gainean aurkeztutakoa. Habemus saltsa. «Soinu anitz ere sartzen ditugu, ez dezagun ahaztu irratia dela».

Euskadi Irratiko sare sozialak
Amaia Eneterreaga Euskadi Irratiko sare sozialetako lantaldeko kidea. EITB

Sare sozial bakoitzak bere kodeak ditu, eta hori aintzat hartzen dutela nabarmendu du Urdanpilletak: «Lehenengo, edukia jasotzen dugu, eta, gero, erabakitzen dugu: ba honek sare guztietan funtziona diezaguke, ba sare guztietara doa; edo beste honi Tiktokerako beste ukitu bat emango diogu... Edo zerbait grabatu, eta gero esaten dugu: ba hau X-ra doa... Gure muina edukia da». Irrati bisualaren garaiak dira, gero eta gehiago. «Eta hor bakoitzak bere lekua topatu behar du», azaldu du Urdanpilletak.

Euskadi Irratiko sare sozialetako lantaldeak harreman zuzena du irratiko beste taldeekin. «Batzuetan, estudiotik ateratzen gara, eta bideoak elkarrizketatuak dauden tokietan grabatzen ditugu. Jendea pozik gelditzen da gero emaitzarekin». Zenbaitetan, Donostiatik irten eta beste herrialdeetara ere joaten dira grabazioak egitera, gaia interesekoa badute. «Konplizeak ditugu beste herrialdeetan. Edukiak du garrantzia, eta guretzat ez da mugarik», aipatu du Iradik.

Datorren ikasturtean, sare sozialen taldeak orain bezala jarraituko du. «Martxa polita hartu dugu», esan du Iradik. «Eta bideoak ematen dute zer esana», gaineratu du Eneterreagak. «Azpidatziak ere erabiltzen ditugu, eta bideoen zabalkundean garrantzitsua da hori. Euskara ikasten ari direnentzat ere baliagarria da». Bideo asko garraio publikoko bidaietan ikusten dira, baina audioa entzun gabe. Bideoak azpidatziak izateak horretarako modua ematen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.