Alfonso C. Vallejo (Bilbo, 1956) ikus-entzunezkoen munduan aditua da. Telebistako errealizadorea izateaz gain, ikus-entzunezkoen errealizazioa irakasten du Erandioko Tartanga zentroan (Bizkaia). Bilboko Carmen aretoan izango da gaur, BanskyrenExit Through the Gift Shop dokumentalaren inguruan solasean. 19:45ean emango dute filma; ondoren, dokumentalaz jardungo du Vallejok.
Zein ikuspuntutatik aztertuko duzuExit Through the Gift Shop dokumentala?
Ikuslearen ikuspegitik, gehienbat. Film hori ikusi nuenean, asko gustatu zitzaidan, ezustekoa hartu nuen, eta dokumentala aurkezteko eta horren inguruan hitz egiteko proposamena egin zidatenean, gustura hartu nuen.
Zerk egiten du berezi Bansky, eta, ondorioz, haren lana?
Joko bat proposatzen du filmak; pelikula bat beste pelikula baten gainean ikus daiteke. Zinema garaikidea hutsa da, originalaeta narratiboki erakargarria. Garaiko arteaz hitz egiten du, baita Bansky beraren inguruan ere. Jende gutxik ezagutzen du Bansky, anonimotasunean egon den pertsonaia da, eta hor dago pelikularen erakargarritasuna.
1931. eta 1940. urtean Espainian egindako filmen bildumaren egileetako bat zara. Nola aldatu da zinema egiteko modua?
Asko aldatu da. Espainiako garai hartako zinema hiru gauzetan oinarritzen zen: antzerki obretan, eleberrietan eta zarzueletan. Litekeena zen pelikulek aurretik ibilbide bat egina izatea, antzerkian edo literaturan. Eta hori berme bat zen arrakasta lortzeko. Oso mugatuta zeuden, eta film gehienek musikarekin lotutako zerbait zuten: folklorea, boleroak, herriko kantak... Lan baldintza prekarioak zituzten, gainera.
Telebista eta zinema gertutik ezagutzen dituzu; bat aukeratzerik izango al zenuke?
Bakoitzak bere gauzak ditu. Telebistak berehalakotasuna du; momentuan harrapa dezakezun hori da balio duena. Zuzenean izan gabe ere, zuzenean egindakoa bezalakoa da; orain gertatzen ari da, eta orain egiten ari zara. Liluragarriena zera da: plano hoberena ematen ari den kamera aukeratzen jakitea. Telebistan ordubetean programa oso bat grabatzen da; zineman, berriz, plano bakarra. Hori alde garrantzitsua da.
Zein ikusten duzu indartsuago?
Zinema desagertuko balitz, penaz egongo lirateke batzuk; baina telebistarik gabe, hondamendia izango genuke.Pentsaezina da telebistarik ez egotea, planeta ez litzateke existituko telebistarik gabe. Jendea geroz eta gutxiago joaten da zinemara, eta etxean ikusten ditu filmak. Niretzat ikaragarria da film bat pantaila handi batean ikustea, baina sukaldean eta soinu artean bada ere, ezin dugu telebista gabe bizi.
Interneterako programak ekoizteak ba al du etorkizunik?
Dudarik gabe. Ez dakit nola izango den, baina izan badu. Gakoa nork ordainduko duen jakitea da. Ordainpeko telebistak funtzionatzen du, eta orain ikusi behar da Interneten ere funtzionatzen duen. Baina askok pirateria dute buruan; ordaintzea ez da haien aukeren artean sartzen. Ematen du doakoa izaten jaio denez, doakoa izan behar duela beti. Egunero erosten ditugun gauzetan ez da hori planteatzen: norbaiti bururatzen al zaio ogi bat pirateatzea? Enpresek ekoitzitakoagatik irabaziak lortuko dituztela ziur jakin arte, zaila izango da.
Alfonso C. Vallejo. Telebistako errealizadorea
«Pena hartuko lukete batzuek zinema gabe; baina, telebista gabe, hondamena litzateke»
Ibilbide luzea du Vallejok ikus-entzunezkoen alorrean: telebista, zinema, irakaskuntza... Bilboko Fas zineklubak antolatu duen 'Zine dokumentala eta kritika' zikloan parte hartuko du gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu