EAko militanteek ordaindutako diruarekin Erreniegan joan den astean hedagailu bat jarri zuten, eta, horri esker, ETB1 eta ETB2 LTD bidez ikus daitezke Iruñerrian. Faktura erakutsi zutenEAko ordezkariek: 11.776 euro. Eta Nafarroa osoan kostua 40.000 eurokoa izango dela azaldu zuten.
Nafarroako Gobernuak EAren ekimenari erantzun zion atzo. Kultura, Turismo eta Erakunde Harremanetako kontseilari Juan Luis Sanchez de Munianek adierazi zuen EAren ekinaldia «legez kanpokoa, pirata eta narraskeria» dela. Halaber, Espainiako Industria Ministerioari eskatu dio «lehenbailehen legea betetzeko». UPNko eta gobernu foraleko ordezkariaren arabera, Nafarroa ez da protokoloa hausten ari: «Akordioak ezartzen du Nafarroako Gobernuak konpromisoa izatea ETBk LTD bidez emititu dezan uzteko. Eta ezartzen du Eusko Jaurlaritzak ordaindu behar duela ETB1 eta ETB2ren seinaleen garraioa eta mantentze lana». Kultura kontseiluaren arabera, Nafarroako Gobernuak bere partea bete du. «Baina parte ekonomikoa falta da, eta hori ETBk berak edo Eusko Jaurlaritzak bete behar dute».
Nafarroan ETB LTD bidez ikusi ahal izateko inbertsioa milioi bat eurokoa litzatekeela esan izan dute Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Alde horretatik, Sanchez de Muniainek dio beraiek ez dutela kostua asmatu: «EITBko zuzendari nagusi Alberto Suriok berak eman zuen milioi bat euroko datua».
Bilduren dimisio eskaera
Bilduko legebiltzarkide Maiorga Ramirezek «eskandalagarritzat» jo zuen atzo Nafarroako Gobernuko kontseilariaren agerraldia: «Nafarroako herritarrek eskubidea dute nahi dituzten kateak ikusteko, tartean euskara hutsezko kateak. Nafarroako Gobernuak fede txarrez jokatu du». Erreniegako hedagailuaren faktura erakutsi ostean, UPNko gobernariei esan zien: «Zuek zarete arduradunak eta herritarrak engainatu dituzue». Hori dela eta, Sanchez de Muniainen dimisioa eskatu zuen.
Nafarroa Baik «kezka eta etsipena» azaldu du Sanchez de Muniainen adierazpenengatik. «Interes falta erabatekoa du Nafarroako Gobernuak akordioa bete dadin», esan zuen atzo Manu Aierdi legebiltzarkideak.
Izquierda-Ezkerra koalizioko Txema Mauleonek adierazi zuen ez dutela ulertzen gobernuaren ekintzarik eza: «Hainbeste urteren ostean, ez dugu ulertzen zergatik ez den konpontzen hain sinplea dirudien arazo bat».
PSNko Roman Felonesek esan zuenez, sozialista nafarrek ETB Nafarroan ikus dadila nahi dute. Navarra Directo saioa defendatu zuen, «interesgarria» delako.
PPko Amaia Zarranzek, berriz, UPNren jokabidea defendatu zuen: «Protokoloa ez da betetzen ari Eusko Jaurlaritza edo ETBren aldetik. Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin beharko litzateke zer gertatzen ari den ikusteko».
Protokoloak ezartzen duenez, bestalde, Nafarroako Gobernuak ETBko emisioa eteteko eskubidea izango luke, «edukiak ez badira eskakizunetara egokitzen».
'Navarra Directo'-ko 12 kalera
Navarra Directo saioko hogei langileetatik hamabi kaleratuko dituzte hilaren 27an. Otsailetik abenduaren 31 bitartean saioak 20 minutuko iraupena izaten jarraituko du, baina saioaren erdia elkarrizketa batek beteko du. «Zortzi lagunek egindako saio batek ezin du hogeik egindakoaren kalitate bera bermatu», salatu dute langileek. «Lan talde txikiagoarekin ezingo da herritar protagonista guztiei ahotsa eman».
EAko Maiorga Ramirezek herenegun adierazi zuen langile horien egoera bi gobernuen akordio faltaren ondorioa dela. Horren harira, Nafarroa Baiko Nekane Perezek saio horretako langileen prekarietatea salatu zuen.
Komunikazioa
«Pirata eta legez kanpokotzat» jo du Nafarroako Gobernuak EAren ekinaldia
Kultura kontseilari Juan Luis Sanchez de Munianek «legea» betetzea eskatu dio Industria Ministerioari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu