Kirmen Uriberen Nire ametsetan hogei urte dituzubeti olerki liburuarekin abiatu zuen EITBren Guau audio plataformak bere entzuleei poesia zabaltzeko egitasmoa. Orain, berriz, Poesia ttanttak izenburupean, zortzi idazleren antologiak sareratuko ditu plataformak. Egileek euren poesia lanen artetik egindako aukeraketa bat eskainiko dute, poemei ahotsa jarrita.
On Time ekoiztetxeak ondu du Poesia ttanttak podcast berria, eta Iñaki Beraetxeren zuzendaritzapean aritu dira olerkariak.
Hasteko, gaur Miren Agur Meabe idazlearen (Lekeitio, 1962) antologia sareratu du Guauk. «...Parentesi bat da nire gorputza, argibideak onartzen dituena...»
💦 📖 Miren Agur Meabek bere poema ttanttak bere ahotsez GUAU plataforman entzungai ipini ditu!
— GUAU gure audioa (@GUAUgureaudioa) July 8, 2025
☀️ Freskatu zuen uda poesia ttanttekin!
🎧👉 https://t.co/JNxvqWCwn0@EITBofiziala@EiTBKultura#mirenagurmeabe#poesiattanttak#euskalpoesiapic.twitter.com/ovYlLY5oZ1
Ondotik, asteartero sareratuko du Guauk poeta baten lana; nork bere poemak ahots goran irakurriak. Belaunaldi desberdinetako lau emakume eta lau gizon poeta aukeratu dituzte podcasterako.
Julen Apella da horietatik gazteena —Postal bat desertuan lehen olerki liburua eman zuen argitara 2023an—. Beste belaunaldi batzuetakoak dira, berriz, Juan Kruz Igerabide eta Harkaitz Cano. Iparraldeko poeta bat ere ariko da Poesia ttanttak podcastean: Itxaro Borda. Leire Bilbaok ere bere olerki hautatuak grabatu ditu Guaurentzat.
BERRIA egunkariko bi kazetarik, halaber, haien olerki antologiak eskainiko dizkiete entzuleei: Iñigo Astizek eta Itziar Ugartek. Astizek Baita hondakinak ere (Susa, 2012) eta Analfabetoa (Susa, 2019) olerki liburuak ditu idatziak. Ugartek, berriz, Gu gabe ere (Susa, 2021) poema liburua ondu zuen, eta Espainiako Kritikaren Saria irabazi zuen bilduma horregatik. Beste genero batzuetan ere idatzi dituzte liburuak nola Ugartek hala Astizek.

EITBk nabarmendu du «euskarazko literaturarekiko konpromisoari erantzunez» abiatu dutela euskal poeten antologien bilduma.
Euskal literaturako 11 audioliburu
Guau plataforma martxan jarri dutenetik audioliburuak sareratzen aritu da EITBko doako zerbitzua. Udaberrian, kasurako, Euskal Literaturaren Hilabetea egitasmoa abiarazi zuen taldeak, eta 11 audioliburu sareratu zituzten apirilean. Honako liburu hauek entzun daitezke audio formatuan: Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro; Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox; Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez eta Horma; Harkaitz Canoren Twist, Fakirraren ahotsa, Beti oporretan eta Telefono kaiolatua; Jon Arretxeren Xahmaran; Iban Zalduaren Etorkizuna; eta Toti Martinez de Lezearen Judu-kale.
Audioliburu horietan ahotsa jartzen aritu ziren Iñaki Beraetxe, Maria Redondo, Monika Erdozia, Joxe Felipe Auzmendi, Ainhoa Aierbe eta Iñaki Arretxe, besteak beste. On Time ekoiztetxeak ekoitzi zituen horiek ere.