Irati Elizalde. Aurkezlea

«Politikariak alderdi posizio hermetikoetatik atera nahi ditut»

Hamaika telebistako 'Esatea libre' gaur-gaurko gai politikoei buruzko saioaren sasoi berriko aurkezlea izango da kazetari donostiarra gaurtik, asteartero, 21:30ean.

Edu Lartzanguren.
2016ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Saioaren lema hartzeko ardura urte politikoarekin eta hauteskunde kanpainarekin gertatu zaio Irati Elizalde kazetariari (Donostia, 1990). Lehen aldiz aurkeztuko du gaur-gaurko gai politikoen inguruko saio bat.

Nola eragingo dio saiori legebiltzarrerako bozen kanpainan hasi izanak?

Asko baldintzatuko du. Kanpaina hizpide izango dugu aste honetan eta hurrengoan, nahiz eta beste gai batzuez ere ariko garen, adibidez, Kataluniako Diadaz. Baina, hauteskundeak pasatuta ere, gobernua osatzeko akordioetarako garaia helduko da, eta horrek ere emango digu zeresana. Politika zentzu zabalean ulertu nahi dugu, eta herritarron ekinaldiak tokia izango du, ez da dena erakundeetan egiten den politika.

Zer norabide emango diozu saioari?

Aktualitate politikoa aztertzeko saiakera egingo dugu. Aste barruan gertatu denari ikuspuntu ezberdinetatik begiratuko diogu, eta ahalik eta ertz gehien bilatuko dizkiogu.

Eztabaida espektakulutik urrundu nahi duzula esan duzu. Zer beste aukera jorratuko duzu?

Ikuskizunera ohitu gara, bai parlamentuan eta bai telebistan. Gustatuko litzaidake eztabaida politiko eraikitzailea izatea, batez ere, euskaldunoi interesatzen zaizkigun gaietan zentratua. Gaiak mahai gainean jartzen ditugunean, askotan izango ditugu gonbidatuen artean horretan ardura zuzena duten politikariak, eta kontuak eskatzeko aukera ere izango dugu. Beste batzuetan, kazetari eta analistak izango ditugu mahaiaren bueltan.

Zer trikimailu erabiliko duzu alderdien ordezkariek euren taldeetako ohiko diskurtsotik ateratzeko?

Hori izango da zailena. Herritarron interesek ezarriko dute agenda, eta ez alderdiei interesatzen zaizkienek. Politikariak alderdi posizio hermetikoetatik ateratzen saiatuko naiz, benetako eztabaida politikoa egon dadin. Ez dakit nola egingo dudan; probatuz joan beharko dut. Hasteko, saiatuko naiz denbora gehiegi ez ematen bakoitzari hitz egiteko, eztabaida bizia izan dadin. Baina, noski, hobe litzateke nire rola oharkabean pasatuko balitz ikusleentzat, eta ez baliote gehiegi erreparatuko nik esaten dudanari, baizik eta gonbidatuen hitzei.

Arazorik izango al duzue alderdi batzuetako kideak estudiora ekartzeko?

EH Bildukoak, EAJkoak, Ahal Dugu-koak eta PSEkoak izango ditugu. Saiatu gara PPkoak ekartzen, baina ez da izan posible. Halere, asteazkeneko debatera [22:00etan] etorriko da PPko ordezkari bat. Gero eta gehiagotan etortzera espero dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.