Komunikazioa

Prentsako idazkeran erritmoak duen garrantzia aztertu dute Hernanin

Idatzizko eta ahozko hizkerak hurbiltzen 'Kronika' kazetak 12 urtez eginiko lana bildu du Jexux Eizagirrek

Jexux Eizagirreren arabera, euskarazko prentsa «beste erritmo batean» idatzi beharko litzateke. HERNANIKO KRONIKA.
Edu Lartzanguren.
2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
«Erregistro hitza ez zait gustatzen, niri musika gustatzen zait», dio Jexux Eizagirrek, «erritmoa musika delako: etenak, doinua, inflexioa, hitzen ordena...». Hernaniko Kronika egunkariaren laguntzaile ibili da Eizagirre azken hamarkadan, eta idazkera ahozko moldetara hurbiltzeko eginiko ahalegina liburu batean kontatu du. Gaur aurkeztuko dute Hernanin (Gipuzkoa) Erritmoa, kazetariaren batuta.

Hernanik egunero sortzen duen informazioa zabaltzeko eta euskara indartzeko sortu zuten Kronika. Hasieran, asteko bost egunetan kaleratzen zuten, eta 1.750 ale banatzen zituzen. Gaur, egunero argitaratzen dute, 4.600 ale inguru. Beraiek emaniko datuen arabera, hernaniarren %90ek irakurtzen dute berripapera.

Eizagirren arabera, kazetak landu duen idazmoldean datza arrakastaren gakoa: «Bati baino gehiagori entzun diogu: zuek guk hitz egiten dugun bezala idazten duzue». Eta ez da euskalki kontua, Kronika-n, funtsean, batuaz idazten baitute. «Jendea identifikatu egiten da kazetaren idazkerarekin, erritmo bera dutelako, irakurleek duten musika bera jotzen duelako».

Kronika-ren helburuetako bat izan da ahozko jardunean erabiltzen den musikan edo erritmoan idaztea, «grazia handiagoa» duelakoan. Zer da erritmoz idaztea? «Jendea ez lokartzeko moduan idaztea, monotoniatik urrun». Ahozko kontalaria eredu gisa du Eizagirrek: «Batzuetan, erritmoa biziagotu; bestetan, mantsotu. Edo Goizuetan esaten den bezala: 'letxe pixka batekin idaztea'».

Administrazioko idazkera irakasten aritu da Eizagirre urte luzez. Gaur, aurkeztuko duen liburua osatzeko bi urte behar izan ditu.

Besteentzat eredu

Bestelako idazkera baten bila Hernaniko Kronika-k eginiko lana gainontzeko hedabideentzako erabilgarri izan daitekeen galdetuta, beste tokitan ere halako ahaleginak egiten direla erantzuten du Eizagirrek. Halere, euskarazko prentsa idatzian «beste erritmo batean idatzi beharko genuke», dio egileak. «Guk egin dugun hausnarketa beste batzuek ere egin beharko lukete». Kazetaren 12 urteko jarduna aztertu beharra zegoela dio, eta idazkera aldetik egin dezakeen ekarpena, izatekotan, erritmoa aldetik dela.

Euskal Herrian igande eta astelehenak barne, egunero, euskaraz argitaratzen den berripaper bakarra da Hernaniko Kronika, eta 15.000 irakurle ditu. Astegunetan A3 tamainako orri bat izaten da (bi orrialde), eta, asteburuan, zortzi orrialde edo gehiago. Egunkariaren bertsio digitalak (www.kronika.net) egunean 700 eta 1.000 bisita inguru izaten ditu.

Euren buruekin zuten «zor» bat kitatzea da liburua, Eizagirreren hitzetan. «Ez da inorentzako gida, baina norbaitek hor zerbait topatzen badu, bejondeiola».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.