Aspaldi hasi zen mamitzen proiektua, taberna zuloan, garagardo batzuen bueltan. Hedabideen lana gertutik zaindu behar delakoan zeuden lau ikasle, baina, horretarako, ezinbestekoa zuten haien hausnarketak jendaurrean zabaltzea. Sare sozialak baliatu zituzten horretarako. Otsailaren 4tik dute @DiarioFatxo Twitter kontua. Lehen hamar egunetan 1.000 jarraitzailetik gora bildu zituzten. Egun, ia 3.000 dituzte. Facebook eta bloga ere badute. Mugarria ezarri dute, gisa horretako beste kontuak sortu baitira gerora Euskal Herrian.
«Diario Vasco-k praktika txarrak erabiltzen ditu, eta hegemoniaren atzean babestuta sentitzen da», diote Diario Fatxo-ko kideek. Ez dute izenik eman nahi, «anonimotasunean» lanean jarraitzeko. Umorea eta ironia dituzte lagun kritika egiteko.
Sare sozialak hedabide tradizionalen lana zaintzeko tresna eraginkortzat dituzte. «Esperantza badugu nolabaiteko aldaketaren bat eragiteko gauza izango garela». Halere, jakitun dira proiektua sare sozialean bakarrik ezin dela landu. «Ohartzen gara Facebook eta Twitter ez direla mundu erreala. Diario Vasco-ko irakurle gehienek ez dute sekula gure berri izan».
Vocentoko egunkaria saltzen da gehien Gipuzkoan. «Guk ez dugu arazorik horrekin, jendeak irakur dezala nahi duena». «Onartezinak» zaizkie, baina, egunkariaren «gezurrak» eta «ezkutatutako egiak». Atez atekoaren gaia iruditzen zaie nabarmenena. «Astindutako mamuak jendearen barren-barreneraino sartu dira: usain txarrak, arratoien ugaltzea...». Atez atekoaren kontrako mobilizazioak jarri dituzte adibidetzat. «200 lagun ez dira milaka; 600 ez dira 5.500 inguru».
Ez zuten «inolaz ere» espero egitasmoak sortutako oihartzuna. Ardura apur bat nabari dute, jende askok irakurtzen baititu haiek idatzitakoak. Irakurle soilak baino, kolaboratzaile sarea osatu dute. «Jendearen erantzunak asko poztu gaitu. Askok laguntza eskaini digute, eta gure helbide elektronikora idatzi eta gezurrak salatu dituzte». Jarraitzaile batzuen mezuak «bide onetik» doazela erakutsi diete. «Zuei esker konturatu naiz etxean erosten dugun egunkaria nolakoa den», esan izan diete.
Ereduari jarraiki
Beste hainbatek, Diario Fatxo-ren ereduari jarraiki, antzeko egitasmoak sortu dituzte. El Chorreo Español Bizkaian, esaterako. Apirilaren hasieran zabaldu zuten Twitter kontua, eta egun gutxitan jarraitzaile mordoa bildu zituen. Egun 700 inguru dituzte. «Bizkaian hutsune bat ikusi genuen, eta, modu xumean, noski, jendeari begiak zabaldu nahi dizkiogu. Gizarte kritikoa sortzea nahi dugu». El Correo-k haren ildo editorialarekin bat ez datozen irakurle asko dituela diote. «Ohituragatik erosten dute».
Gune irekia izan nahi du Twitter kontuak. «Guztion artean El Correo-k argitaratzen duen informazio manipulatua salatu, eta ezkutatzen dituen albisteak argitaratu ditzakegu».
Diario Fatxo-ren «lan txukuna» eredu hartuta, Diario de Navarra-ri buruzko parodia egitea otu zitzaien @DiarioPattarra Twitter kontuko sortzaileei. Apirilaren 7an argitaratu zuten lehen txioa. 24 ordutan 600 jarraitzaile zituzten; egun, ia 900.
«Haiena da Nafarroan gehien saltzen den egunkaria,eta haiek diotenari buelta ematea beharrezkoa da». Diario Fatxo-ren eta El Chorreo Español-en antzera, umorea dute horretarako tresna. «Gure helburua ez da umorearekin jendea erakartzea. Oso larria da haiek egiten dutena, eta umorea da horri aurre egiteko armarik egokiena».
Komunikazioa
Prentsaren sareko zaindariak
Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan gehien irakurtzen diren egunkarien parodia egiten duten kontuek arrakasta handia dute Twitterren. «Praktika txarrak» salatzeko ironia erabiltzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu