RTVEko webgunean eta TVEko promozio iragarkietan Huellas de chapapote izenburuko dokumentala iragarria zegoen urtarrilaren 27rako. La2 kateko Documentos TV saioan ziren ematekoak, eta aste osoan kate horretan promozionatu zuten. Baina, azken orduan, TVEko zuzendaritzak emanaldia geldiarazi, eta dokumental zahar baten errepikapena emititu zuten: El misterio de los centenarios. Kultura ezberdinetan 100 urtetik gora dituzten pertsonen inguruko Frantziako lan bat da hori.
Zentsura kasu berri horren bertsio ofizialari helduz gero, Manuel Sanchez Pereira Documentos TVko zuzendariak adierazi du dokumentalaren emanaldia «atzeratu» egin dela, saioa gaurkotasunari lotuta ez dagoela eta. TVEko iturrien arabera, afera epaitegietan dago, eta «zuhurrena» dokumentala ez emititzea izan zen. «Zuhurtasun juridikoko kuestio sinple bat izan zen». Auzitegietako prozesua amaitzen denean eta TVEko programazioan egokitzen dutenean dokumentala emitituko dutela iragarri du Espainiako telebista publikoko bozeramaile batek.
TVEko hainbat kazetarik El Mundo egunkariari esan diotenez, ordea, dokumentala ez emititzeko erabakiak «ustel usaina du». «Dokumentala iragarria zegoen webgunean, eta bat-batean desagerrarazi egiten dute. Agindua oso argia da», esan du TVEko kazetari batek.
Dokumentala egiteko proiektua 2011. urtean sortu zen, RTVEko presidentea Alberto Oliart zenean. Creacion Multimedia ekoizpen etxeak egin zuen, eta Jose Pedro Estepak zuzendu. RTVEko webguneko informazioaren arabera, Suso del Toro idazlea da lanean agertzen denetako bat: «Hamar urteren ostean, txapapoteak sekulako arrastoa utzi du arnastu zuten lagunengan. Bitartekorik gabe, eskuekin, zikinduz eta egindakoaren ondorioa jakin gabe garbitu zuten txapapotea. Horrek zekarren arriskua benetan ezagutu gabe». 2002ko azaroan Galiziako Costa da Morte ingurura iritsi ziren petrolio tonen inguruan ere mintzo dira lanean kostalde horretako biztanleak. «Itsasoaz eta itsasorako bizi den jendeak heriotza ikusi genuen», kontatzen du Emilio arrantzaleak. Tragedia haren kontra gogor borrokan aritu zenetako bat izan zen Natxo Castro Muxiako arrantzale kofradiako kudeatzailea: «Jendeak orain badaki orduan bizi izandakoa garesti ordainduko dugula». Dokumentalean agertzen denez, Espainiako Neumologia Elkarteak ikerketa bat egin du. Eta, ikerketaren arabera, txapapotea babesik gabe garbitu zutenek ondorioak jasan dituzte arnas aparatuan. Ondorioak oso larriak izan daitezke etorkizunean.
Ezin «marea beltza» erabili
2002ko azaroan Prestige-ren hondamendia gertatu zenean, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteordea zen. «Ikusi diren haritxo txiki batzuk» esaldia erabili zuen tragediaz aritzeko. Galiziako TVEko kazetariei marea beltza hitza erabilitzea debekatu zien Madrilek; marea da morte erabili behar izan zuten. Eta kazetariek 2003ko lehen hilabeteetan salatu zuten Prestige-ren inguruko informazioetan «zentsura, manipulazioa eta informazio ezkutatzea» egon zirela.
Komunikazioa
'Prestige'-ri buruzko dokumental baten emanaldia geldiarazi du TVEk
Urtarrilaren 27rako 'Documentos TV'-n iragarria zegoen lana, baina errepikapen bat jartzea erabaki zuten

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu