Ikus-entzunezkoak

Primeran-ek fantasiazko eta beldurrezko hainbat lan estreinatuko ditu gaur

Paul Urkijoren 'Errementari' eta haren zortzi film labur Primeran-en ikus daitezke gaurtik, baita Igor Legarretaren 'Ilargi guztiak' film luzea ere.

'Ilargi guztiak' filma. BERRIA
'Ilargi guztiak' filma. BERRIA
urtzi urkizu
2024ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun

Bihar hasiko da Bilboko 30. Fant zinemaldi fantastikoa, eta jaialdi horrekin bat egin du EITBren Primeran plataformak. Hartaz, gaur bertan, doako plataformak beldurrezko eta fantasiazko generoko hainbat lan jarriko ditu bere katalogoan. Horien artean berrienetakoa Igor Legarreta zinemagilearen Ilargi guztiak filma da. Pelikula hori 2021ean estreinatu zuten Fant jaialdian, eta aktore protagonistak Haizea Carneros, Josean Bengoetxea eta Itziar Ituño dira. Hilezkorren taldean sartuko den neska baten istorioa kontatzen du. XIX. mendearen azkeneko hamarkadetan dago girotua.

Beste alde batetik, Primeran plataformak Paul Urkijo zinemagile arabarraren filmografia jasotzen duen bilduma berezia osatu du. Bilduma horretan ikusi ahalko da Errementari (2017) filma —Netflix ordainpeko plataforman ere ikusgai dago—. Baina berritasun nabariena da Urkijoren askotariko film laburrak dastatzeko modua izango dela: Clavos, El pez plomo, Jugando con la muerte, Ohe azpiko zera, Monsters do not exist eta Naara. Horiez gain, 2020. urteko Dar-dar film laburra ere Primeran-en egongo da ikusgai. Urkijoren azkeneko filma Irati da —Euskal Herrian zinema aretoetan ikusle gehien izan duen filma—. Baina hori ezin da Primeran-en ikusi, Amazon Prime Video plataforman baizik. Udazkenean izango du ETBk estreinatzeko aukera.

Errementari filmaren trailerra.

Genero bereko beste film labur batzuekin bilduma berezi bat ere osatu du Primeran plataformak. Bilduma horretan gaurtik aurrera izango dira ikusgai Ni a sol ni sombra, Au-pair, Carinvoro, Hikikomori, Irten barrura eta El ruido solar.

Bilduma horretan bertan film labur aipagarri bat sartu dute: Aitzol Saratxaga zinemagile gaztearen Lanbroa. Baso batean bizi dira gizon bat eta haren alaba. Beldurrez dira, lanbroa modu beldurgarrian gerturatzen ari delako. Korterraza Gasteiz jaialdiaren irabazlea izan zen iaz.

Lucia Lakarraren balleta

Primeran plataformak bat egin du Dantzaren Munduko Egunarekin, eta, horregatik, Lucia Lakarra Ballet konpainiaren Lost Letters ikuskizuna jarri du katalogoan. Franck Bracey Lehen Mundu Gerrako artillariak bere emazteari idatzitako gutun batean dago oinarrituta ikuskizuna. Ikuskizunak irudikatzen du nola aldatuko zen emakume horren patua senarrak bidalitako gutuna inoiz jaso izan ez balu. Ikuskizunak, era berean, erreferentziak hartzen ditu War Letters: Lost and Found erakusketatik. Lakarraren ikuskizun hori Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zuten, iazko urrian.

Lost Letters ballet ikuskizunaren bideo bat.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.