Protesta artean izendatu dute Galiziako irrati-telebistako zuzendari nagusia

PPren botoekin izendatu dute CRTVGko zuzendari berria: Concepcion Pombo. 2017. urtetik Galiziako telebistaren albistegietako zuzendaria izan da. Azkeneko hilabeteetan, langileak «manipulazioa» salatzen ari dira.

Concepcion Pombo CRTVGko zuzendari nagusi berria. CLARA XANTINHA / NOS DIARIO
Concepcion Pombo CRTVGko zuzendari nagusi berria. CLARA XANTINHA / NOS DIARIO
urtzi urkizu
2025eko uztailaren 9a
09:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Galiziako Xuntan nagusi bakarra da PP, eta nahieran ari da erakundeak erabiltzen. Horren erakusgarri, berriki Galiziako Komunikabideen Legearen erreforma onartu zuen, bereziki Galiziako irrati-telebistan kontrol handiagoa izateko. Izan ere, orain arte Galiziako Parlamentuan hiru bostenen gehiengoa behar zen CRTVGko zuzendari nagusia izendatzeko, eta, lege berria onartu ostean, PPk gehiengo absolutua nahikoa izan du zuzendaria hautatzeko. Concepcion Pombo atzo izendatu zuten zuzendari nagusi, 39 boto lortuta, eta gainontzeko indar politikoen arbuioarekin.

BNG, PSdeG eta Democracia Ourensa oposizioko alderdiek gogor kritikatu dute izendapena. Hiru bozketa behar izan dituzte Pombo izendatzeko. BNGko Olalla Rodil parlamentariak PPri egotzi dio «azeleragailua zanpatzea» irrati-telebista publikoen «erabateko kontrola» bereganatzeko. «Historiako PPrik ultraeskuindarrarena da oraingoa, eta CRTVG propagandarako tresna gisa ari da erabiltzen». BNGko ordezkariaren iritziz, gaur egun ia ezinezkoa da bereiztea PPren argumentuen eta telebistako albisteen artean. Pombori eskatu dio TVG «herriari» itzultzeko.

Pombo TVGko albistegietako zuzendaria izan da 2017tik ardura nagusia hartu duen arte, eta urteotan langileek «informazio manipulazioa» salatu dute behin eta berriz. Venres negros (Ostiral beltzak) lelopeko protestak egiten ari dira TVGko langileak, «manipulazioaren eta kontrol politikoaren aurka». Hain zuzen ere, 372 ostiraletan egin dituzte protesta horiek, Pombo albistegietako buru zela. Ostiral honetakoa izango da 373.a.

PSdeGko Silvia Longueirak «informazio likidoaren perbertsioa» egitea leporatu dio Galiziako irrati-telebistako zuzendari berriari. Gogoratu du hedabideen lege berria Galiziako Ikus-entzunezkoen Mahaiari bizkarra emanda onartu duela PPk.

Carmen Pomar PPko parlamentariak adierazi du TVGk «ikusle datu onak eta praxi profesional bikaina» dituela. Datuek kontrakoa diote, ordea: 2024-2025eko denboraldian, TVGk puntu bat egin du behera, Geca agentziaren txostenaren arabera.

EITBren egoera gogoratu dute

Galiziako irrati-telebista publikoaren zuzendari nagusiaren izendapena dela eta, protestak izan dira hainbat hiritan. Ez soilik Galizian —Santiagon CRTVGko hainbat langilek egin zuten elkarretaratzea—. Martxoan, Irrati-telebista Publikoak Borrokan aliantza sortu zuten hainbat kate publikotako langile batzordeek. Tartean ziren EITBko langileak ere, eta atzo elkarretaratzea egin zuten Bilboko egoitzaren aurrean, «galiziarrei elkartasuna adierazteko garaia» zela iritzita. Hedabide publikoetan esku hartze politikorik ez! leloa zeramaten afixak zituzten langileek.

EITBko lagile batzordearen protesta, TVGko zuzendari berriaren izendapena dela eta
EITBko langile batzordearen protesta, atzo, hedabide publikoetako esku hartze politikoaren aurka. EITB-KO LANGILE BATZORDEA

Lelo bereko protestak egin zituzten beste kate publiko batzuetako langileek ere: Bartzelonan, Madrilen, Sevillan (Espainia), Burjassoten (Valentzia, Herrialde Katalanak), Cadizen (Espainia) eta Kordoban (Espainia). Guztiek salatu zuten «interes alderdikoiz» izendatu dutela Galiziako irrati-telebista publiko zuzendari berria, «kontuan izan gabe hemendik hilabete batzuetara indarrean sartuko den hedabideen askatasunari buruzko Europako arautegi berriaren irizpideak».

EITBko langile batzordeko ordezkariek gogorarazi dute Euskal Herrian ere gertatzen direla Galiziakoak bezalakoak: «EITBko zuzendaritza izendatu zutenean, agintariek komunikabide publikoa beren interes politikoen mesedetan erabili izana salatu genuen. EITBko langileok argi utzi genuen ez dugula onartuko euskal hedabide publikoa alderdi politiko edo erakunde baten propaganda tresna izatea, eta are gutxiago helburu horrekin langileei presio egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.