Eurovision

Eric Saadek zapi palestinar batekin kantatu du Eurovisionen

Israelgo ordezkariak bigarren finalerdian kantatuko du, bihar, Malmon (Suedia). Hiri hartan eta beste hainbat tokitan mobilizazioak antolatu dituzte egunotan, Israelen parte hartzea salatu eta Eurovisioni boikota egiteko. Iruñean ere bai.

Eric Saade abeslaria zapi palestinarrarekin, atzo, Eurovisionen. JESSICA GOW / EFE
Eric Saade abeslaria zapi palestinarrarekin, atzo, Eurovisionen. JESSICA GOW / EFE
urtzi urkizu
2024ko maiatzaren 7a
10:00
Entzun

Inoiz baino segurtasun neurri handiagoekin egingo dute aurten Eurovision musika jaialdia. Arrazoia argia da: Israelek jaialdi horretan parte hartuko du, bere armada Gazan milaka herritar hiltzen ari den bitartean, eta horrek kontrako erreakzioa eragin du han eta hemen. Atzo gauean, jaialdiko lehen finalerdia egin zuten. Bertan, hainbat abeslarik kantatu zuten lehiaz kanpo; tartean, Eric Saade kantari suediarra —arbaso palestinarrak ditu— eskumuturrean zapi palestinarra jarria zuela agertu zen oholtza gainean. Horrek aldeko eta kontrako erreakzioak eragin ditu. Europako Irrati-Telebisten Batasunak Saaderen parte hartzea kritikatu du, eta adierazi du ez datorrela bat hark egindakoarekin. Eurovisionek, berriz, sare sozialetan ez du zabaldu kantariaren parte hartzea.

Eric Saade abeslaria zapi palestinarrarekin Eurovisionen.
Eric Saade abeslaria, zapi palestinarra eskumuturrean, atzo, Eurovisionen. JESSICA GOW / EFE

Eden Golan Israelgo ordezkariak, bestalde, bigarren finalerdian kantatuko du, bihar. Eurovisioneko finala larunbatean izango da, Malmon (Suedia). Herrialde guztietako ordezkariak hiri hartan dira. Protesta bat baino gehiago izango dira datozen egunetan: hainbat gizarte mugimenduk Palestinaren aldeko manifestazioak antolatu dituzte Malmoko erdialdean biharko eta larunbaterako. Mobilizazio horietan 40.000 herritar baino gehiago izango direla espero dute,Israel gelditu, bakearengatik eta Palestina libre baten alde izeneko plataformaren eskutik. Gainera, Israelen aldeko kontramanifestazio batera deitua dute ostegunerako.

Bestalde, Malmoko Udalak duela hilabete batzuk hainbat kultur ekitaldi eta kontzertu antolatu zituen aste honetarako, Eurovisionekin bat egiteko. Baina musikari eta sortzaile ugarik uko egin diote horietan parte hartzeari, Israelen parte hartzearen eraginez, eta ekitaldi gehienak bertan behera utzi dituzte. Hala ere, Eurovisionek zale ugari ditu Europa osoan, eta jaialdiaren zale ugari izango dira egunotan Suediako hiri hartan.

Israelek Eurovisionen parte hartuko duelako protesta bat Herbehereetan.
Israelek Eurovisionen parte hartuko duelako protesta bat, duela egun batzuk, Herbehereetako Hilversum hirian. ROBIN VAN LONKHUIJSEN / EFE

Europako beste hiri batzuetan ere egin dituzte protestak, Israelek Eurovision jaialdian parte hartuko duelako; esate baterako, azkeneko egunetan manifestazioak egin dituzte Stockholmen eta Kopenhagen. Artista ugari ere horren aurka azaldu dira. Finlandia, Norvegia, Islandia, Danimarka eta Suediako ehunka artistak gutun publikoak sinatu dituzte, Israel Eurovisionetik kaleratu dezatela eskatzeko. Hain zuzen ere, gerta daiteke herrialde horietako artistaren batek asteon protestaren bat egitea.

2019an, Islandiako Hatari musika taldekoek Palestinako banderak erakutsi zituzten bozketaren momentuan —debekaturik dago halakorik egitea—. Anna Hildur zinemagileak dokumental bat egin zuen Islandiako taldeak Eurovisionen egin zuen protestaren inguruan. Ustez, Eurovisionen ezin da politika sartu. Hildurrek zera esan zion BERRIAri 2021eko ekainean emandako elkarrizketan: «Dena da politika, eta agian beste izen bat jarri beharko litzaieke Eurovisionek defendatu nahi dituen balio horiei. Esaten dute bakea sustatu nahi dutela, eta ziurtatu nahi dute jatorri, erlijio eta kultura guztietako pertsonek beren ikuspuntua partekatzen dutela. Eurovisionek dio 'balio onetan' oinarritzen dela, baina artea ezin da kontrolatu».

Iruñean ere protestak

Israel ordezkatuko duen kantariak Eden Golan du izena. Elkarrizketa batean esan du Eurovisionen parte hartu ostean Israelgo armadan emango duela izena. Duela aste batzuk, zalantzan egon zen Israelek jaialdian parte hartuko ote zuen; izan ere, teorian kantek ezin dute kutsu politikorik izan, eta Europako Irrati-Telebisten Batasunak atzera bota zituen aurreneko bi kantak, Hamasen urriaren 7ko erasoei erreferentzia egiten zielako. Hirugarrena ontzat jo zuten: Hurricane. Aipatzekoa da Europako Irrati-Telebisten Batasunak debekatuak dituela Palestinako banderak eta ikurrak jaialdia ospatuko den auditoriumean eta antolakuntzako eremuetan.

Protestetan parte hartu duten talde askok gogorarazi dute Errusia 2022an kaleratu egin zutela Eurovisionetik, Ukrainako inbasioa hasi zenean —jaialditik kanpo jarraitzen du Errusiak—. Aldiz, salatu dute Palestinako herria «jasaten ari den genozidioak» ez duela galarazi Israelek musika jaialdian parte hartzea.

Salaketa hori bera egin zuen joan den astean Yala Nafarroa taldeak Iruñean, RTVEren egoitza aurrean. Israelek bere burua zuritu nahi duela salatu du taldeak. «RTVEri eskatzen diogu Eurovisioneko parte hartzea eteteko, eta exijitzen diogu Israel jaialditik kanpo uzteko», esan zion Ana Perez de Ziriza Yala Nafarroako ordezkariak Ahotsa.info hedabideari.

Elkarretaratzea, joan den astean, Iruñean. Ahotsa.info-ren bideoa.

Yala Nafarroa taldeak Palestinari elkartasuna adierazteko ekitaldi ugari antolatu ditu azkeneko hilabeteetan. Ostiral honetarako, musika jaialdi bat antolatu dute Iruñeko Basotxon, Israelek Eurovisionen parte hartuko duela salatzeko. Zenbait musika taldek joko dute, 18:00etatik 21:00etara. Musikak ezin du genozidio bat estali leloa paratu dute kartelean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.